Aretoak

Aloka ezazue

Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda deiturikoa, Galtzagorri elkarteak antolatutako literatur aretoa da. Literatur areto orok bezala, haur eta gaztetxoentzako ibilbide edo abentura literario bat proposatzen du, non liburu ezberdinak ezagutzeaz gain, literaturaz gozatu eta literatur konpetentzietan trebatzeko jolasak egingo diren. Areto zehatz honek hitzik gabeko liburuak jorratzen ditu eta horretarako IBBYk (International Board on Books for Young People) Lampedusa irlan egindako Silent Books egitasmoa hartzen du abiapuntutzat.

Aretoaren helburu nagusia, ikasleak hitzik gabeko liburuen generora hurbiltzea eta liburu horiek ezagutzeaz gain, haiek irakurtzen trebatzea da. Bizi garen kultura bisual honetan irudiak irakurtzen trebatzea garatu beharreko konpetentzia bat bilakatzen ari da. Baina, horrez gain, komunikazio eta sormen gaitasunetan abileziak garatzeko, egungo artefaktu garrantzitsuak dira hitzik gabeko liburuak.

Helburu nagusi horiek lortzeko, IBBYk Lampedusan antolaturiko Silent Books egitasmoan oinarritzen gara. Egitasmo horren jomuga nagusia hitzik gabeko liburuak hizkuntza mugak gainditu eta jatorri kultural eta linguistiko ezberdinak dituzten haur eta helduen arteko topaleku paregabea bilakatzea izan da. Hortaz, Silent Books egitasmoaren eta Lampedusako hitzik gabeko liburuen liburutegiaren berri ematearekin batera, egitasmoa osatzen duten liburuak ezagutzea ere bada helburu nagusietako bat.

Mundu mailan sortu eta argitaratu diren hitzik gabeko liburu guztien artean IBBYk egindako aukeraketak, OEPLIk (Organización Española para el libro infantil y juvenil) egindako Espainiako Estatuan argitaratutakoen sailkapenak eta Galtzagorri elkarteak erantsitako euskarazko hitzik gabeko argitalpenen proposamenek osatzen dute Silent books liburu zerrenda eta guzti horiek ezagutzeko aukera zabaltzea proposatzen da.

 

Areto honen bidez lortu nahi izan ditugun xedeak ondorengoak dira:

1. Haurrek literaturaz gozatzea: hitzik gabeko liburuen bitartez beraien literaturarekiko zaletasuna sustatzea.

2. Irudien irakurketa edo irakurketa piktografikoan trebatzea: irudien ezaugarriak, sinbologia eta esanahaiak identifikatzen jakitea eta horiek modu kritikoan interpretatzea. Guzti horrekin komunikazio grafiko eta bisuala garatzea bilatzen da.

3. Pentsamendu kritikoa eta sortzailea garatzea: artelanen interpretazioa haietan dauden elementuen azterketan datza. Horrela, irakurle edo ikusleak hobeto ulertuko du artistak artelana ekoitzi duenean adierazi nahi izan duena edo artistak irakurle horri eragin nahi izan diona lan horren bitartez. Hartara, lerroarteko irakurketa egiteaz gain, irakurketa pertsonalago bat ere egitea lortzen da.

4. Talde-lana eta kooperazioa lantzea: elkarlanean jolas eginez, helburu amankomun bat lortzea. Horretarako elkarrekiko komunikazioa eta lankidetza bermatuz eta bultzatuz.

5. Mundu mailako argitalpenak ezagutzea: hizkuntza mugak gaindituz, jatorri linguistiko ezberdinetako argitalpenak haien eskura jartzea eta hartara, lurralde ezberdinetako kultura eta errealitate ezberdinetara hurbiltzeko aukera eskaintzea liburuen bitartez.

6. Lampedusako errealitatearen berri eman eta emigrazioaren afera lantzea: Lampedusa irlaren kasua oinarritzat hartuz, mundu mailan jendarteak emigrazioarekin duen kudeaketa arazo eta ardurak landu eta haien inguruko hausnarketak bultzatzea.