Aretoak

Aloka ezazue

Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta.

Areto hau berritzailea da erabat ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik.

Galtzagorri Elkartean haur eta gazte literaturarekin lanean dihardugu egunero. Material asko pasatzen da gure eskuetatik egunerokotasunean eta aspaldi kezkaturik gaude haur zein gazte literaturan ageri diren neska eta mutilen estereotipoekin.

Horregatik Galtzagorri Elkarteak genero berdintasunaren gaiari heldu nahi izan dio Itsaspeko bihotzak areto berri hau sortzerakoan.

Ibilbide pedagogiko-artistikoa

Saio gidatuak eskainiko dira 8-11 eta 12-16 urte bitarteko haurrentzat. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskainiko dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izango dira eta arratsaldez aretoa zabalik egongo da honen ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.

Itsaspeko bihotzak aretoan gauzatuko den Ibilbide didaktikoa, itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan oinarrituko da. Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez egi bihurtuko da. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bitartez lortuko da helburu hau eta txoko bakoitzean, modu desberdinean egingo da edukiaren lanketa hori: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez… Hala, besteak beste, Aitziber Alonsoren lanaz gain, Elena Odriozolaren eta Eider Eibarren ilustrazio lanak bilduko ditu Itsaspeko bihotzak aretoak.

SORTZAILEAK:

  • Ideia eta aretoaren sorrera: Miren Guillo pedagogoa eta antropologoa eta Mireia Delgado pedagogoa. Biak hezkidetzan adituak diren hezitzaileak dira eta Galtzagorri Elkarteko beste areto literarioetan eta beste zenbait egitasmoetan (besteak beste, Bularretik Mintzora kanpainaren irakurketa klubetan) parte hartzen dute. Horrez gain, hezkuntza proiektu desberdinetan parte hartu izan dute, eta baita generoarekin eta gorputzarekin lotutako proiektu desberdinetan. Egun, Mireia Delgado Haur Hezkuntzako Goi mailako zikloan irakaslea da, eta Miren Guillo doktoretza ikerketa gauzatzen ari da EHUko Gizarte Antropologia departamenduko Genero ikerketen doktoretza programan.
  • Aretoaren diseinua eta artisau lanak: Aitziber Alonso ilustratzailea
  • Ilustrazio lanak: Eider Eibar, Elena Odriozola eta Aitziber Alonso
  • Ikus-entzunezko elementuen sorrera: Aitziber Alonso, Miren Guillo eta Mireia Delgadok
  • Bibliografia: Haur literaturako bibliografia zabal bat ipini eta erabiliko da areto literario honetan. Liburu gehienak euskaraz izango dira. Album ilustratuak, narrazioak, ipuinak, poesia liburuak… literatura genero ezberdinak aukeratuko dira eta aldi berean, genero berdintasunaren inguruko alor ezberdinak lantzen dituzten liburuak hautatuko dira.

ITSASPEKO BIHOTZAK aretoan proposatzen den arte diziplinarteko jolasak honako helburu orokorrak lortu nahi ditu bertatik igaroko diren haurrengan:

1.- Genero berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa lortzea haurrengan: txiki-txikitatik honelako jolasak eginez lor dezakegu genero berdintasuna barneratzen joatea.

2.- Haurren euskarazko irakurtzeko zaletasuna sustatzea: genero berdintasuna landuko da, beti ere haur literaturako baliabideak oinarri hartuta. Hau da, ipuin ezberdinak oinarri hartuta. Hauetako gehienak euskaraz izango direlarik.

3.- Ikus-entzunezko material originala sortzea: musika, ahotsak zein proiekzioak ere izango dira ITSASPEKO BIHOTZAK aretoaren jolasaren parte.

4.- Ilustrazio lan original berriak erakustea beti ere genero berdintasunak bere baitan biltzen dituen egoera ezberdinak irudikatuz. Ilustrazio lan guzti horiek emakume ilustratzaileek eginak izango dira.

5.- Kulturaren eta artearen alor ezberdinetan lan egiten duten sortzaileen lanak erakustea: idazle eta itzultzaileen liburuak, ilustratzaileen ilustrazioak, artisten eskuz egin beharreko hainbat arte-egiturak zein soinu-instalazioak, pedagogoen jakinduria eta irakurtzeko zaletasunean aditu eta aritu direnen esperientzia egitasmo artistiko-didaktiko honetan uztartuko dira haurren eta hauen hezitzaileen gozamen eta hausnarketarako.

6.-Diziplinartekotasuna sustatzea kulturaren esparruan, eta zehazki, haur eta gazte literaturaren esparruan, adierazpen berritzaileak sortuz eta horiek bistaratuz. Galtzagorri Elkarteak urte asko darama lan honetan eta beti ere saiatu izan da diziplina ezberdinak uztartzen egiten dituen egitasmoetan. Frogatua du beraz, honelako egitasmoek (musika, ikus-entzunezkoak, ilustrazioa, literatura, pedagogia, genero berdintasuna, artisautza… bezalako diziplinak ezkontzen dituztenek) arrakasta itzela izaten dutela haur zein helduengan.

7.- Euskal herritarrentzat interes orokorrekoa den egitasmoa izatea: batetik, euskal jendartea genero berdintasunaren gaiaz sentsibilizatzeko eta parekidetasunean hezteko helburu du egitasmo honek. Jendarte parekide bat sortzeko eta txiki-txikitatik egungo rol sexisten inguruan hausnarketa egiteko balioko duelakoan gaude. Bestetik, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko eta artearen sentsibilitatean hezteko helburua ere badu. Eta irakurtzeko ohitura duen eta artearekiko sentsibilitatea duen jendarte batek baliabide gehiago izaten ditu gerora bai etengabeko formaziorako eta bai proiektu berriak sortu nahiz aurretik daudenak berritzeko. Hortaz EAEko biztanleriaren interes orokorreko egitasmoa da: bere eguneroko bizitzan eragin nahi duelako eta aldi berean, aipatu bi helburu horiek gauzatzeko, kulturaren eta artearen baliabide ezberdinak lantzen dituelako.

8.- Kultura tradizionala zein espezifikoa zaindu, zabaldu eta aberastea: euskarazko aho korapiloak, asmakizunak eta tradiziozko poesia ere erabiliko dira haurrekin aretoaren dinamikan zehar. Beraz, kultura tradizionala zein genero berdintasunari dagozkion adibide espezifikoak (liburu zehatzak) zabaldu eta aberastuko ditu egitasmoak.

9.- Euskararen erabilera sustatzea: aipatu aretoan gauzatuko diren bisita gidatuak euskaraz izango dira, eta horrez gain, erabiliko diren liburu gehienak ere euskarazko haur literaturakoak izango dira, jatorriz euskaraz sortuak nahiz beste hizkuntza batzuetatik itzuliak.

Goiena telebistak egindako erreportaia

Aretoaren muntaia

Itsaspeko bihotzak 360 gradutan