Aretoak

Aloka ezazue

Juan Kruz Igerabidek idatzitako eta Aizkorri argitaletxeak argitaratutako Jonas eta Hozkailu Beldurtia liburuak Euskadi Saria jaso zuen 1999. urtean. Liburu paregabea da, bere laburtasunean beldurraren isla bikain jasotzen duena. Jonas txikiak etxean bakarrik gelditzean sentitzen dituen taupadak, bururatzen zaizkion kezkak... jasotzen ditu. Gai nagusia beldurra badu ere, ez du umore punturik falta eta horrek borobiltzen du Jonas txikiaren istorioa.

Ipuin zoragarri hau aitzakiatzat hartuz, haur literaturan beldurraren trataera aztertzea interesgarria iruditu eta Galtzagorritik Adur, Adur, ez naiz hire beldur aretoa sortu du.

Aretoak sukalde baten itxura du. Haurrak aretora iristen direnean begirale batek jasotzen ditu eta Galtzagorrik erakusketarako bereziki sortutako Jonasen Beldurra marrazki bizidunak (DVD) ikusiko dituzte. Jonasen istorioa ezagutu ondoren sukalde batera sartuko dira (Jonasen istorioa bere etxeko sukaldean gauzatzen baita) eta bertan, beldurraren aurpegi desberdinak ezagutuko dituzte. Horretarako, bost zentzumenak barneratzen dituzten dinamiketan parte hartuko dute.

Horrez gain, sukaldeko altzari guztiek gurpiltxoak izango dituzte, bertara iristean erraz buelta emateko moduan. Altzari bakoitzaren atzean beldurrarekin erlazionatutako pertsonaiak egongo dira: sorginak, munstroak, animalia beldurgarriak.... eta pertsonaia hauek jasotzen dituzten liburuak ere topatuko dituzte bertan.

Eskola orduetan begirale aditu batek saioak eskainiko dizkie bertaratzen diren haur taldeei. Saio bakoitzera gehienez 20 haur joan ahal izango dira.

SORTZAILEAK:

  • Ideia, zuzendaritza eta DVDaren gidoia: Itziar Zubizarreta
  • Aretoaren diseinua eta DVDaren marrazkien egilea: Aitziber Alonso
  • Grabazioa: Eresbil
  • Musika konpositorea: Zuriñe Fernandez

1) Beldurraren trataera haur literaturan ezagutzea.

2) Barruko mamuak eta kanpoko mamuak lantzea.

3) Era horretako adierazpen literarioen ezagupena eta azterketa egitea.

4) Haurrak beldurrari aurre egiteko literaturak eskaintzen dizkion tresnak ezagutzea. Maila sinbolikoan literaturak haurrari egiten dizkion ekarpenen jabe egitea.

Ipuin kontaketa saioa

Beldurraren gaia jorratuko duen ipuin kontaketa saio berezia. Kontaketa hau 8 urtetik gorakoentzat izango da (35 neska-mutil sartuko dira gehienez).

Hitzaldiak

Psikologiaren alderditik beldurra eta haur ipuinen gaia aztertzea helburu duten 3 saio, erakusketara hurbiltzen diren guraso, irakasle eta edozein interesaturentzat. Bakar bat edo bi aukeratzerik badago:

1. Ipuinaren ahalmena:

  • Ipuina “beldurra galarazteko” bitarteko gisa
  • Beldurrezko, ikarazko... ipuinak kontatu behar zaizkie?

2. Beldurra egungo ipuinetan:

  • Beldurrezko pertsonaiak eta egoerak
  • Egungo haurren beldurrak eta egungo ipuinek beldur horiek nola jorratzen dituzten.

3. Beldurra ipuin klasikoetan

  • Beldurrezko pertsonaiak eta egoerak
  • Jatorrizko bertsioak edo bertsio egokituak kontatzea?

Bergarako liburutegian

"Adur, Adur, ez naiz zure beldur" aretoa 360 gradutan

Beldurrak lantzeko areto literarioa Aretxabaletan - Goiena