Astrid Lindgrenek "Pippi Kaltzaluze" obra sortu zuenetik 80 urte bete ziren 2025ean eta fikziozko pertsonaia honi eta haren abentura entzutetsuei literatura areto bat eskaini nahi izan dio Galtzagorri elkarteak 2026an.
Europako haur eta gazte literaturan 60ko hamarkadan gertatu zen iraultzaren eta modernizazioaren aitzindari izan zen Lindgren. Berez, oso modu xumean jaio zen Pippi Kaltzaluzeren istorioa. Bigarren Mundu Gerran, Lindgrenen alaba, Karin, gaixotu egin zen. Etxean denbora asko pasa behar izan zuten eta hainbat ipuin sortu eta kontatu zizkion amak alabari. Horietako batzuk Pippi zuten protagonista (alabak erabaki zuen neskato protagonistaren izena). 10 urte bete zituenean, horietako batzuk kaier batean bildu eta oparitu egin zizkion amak alabari. 1945. Urtean argitaratu zen lehen aldiz "Pippi Kaltzaluze". Oraindik ere liburuak aho bete hortz uzten ditu haur zein heldu. 2020an liburu salmenten errekorra gainditu zuen, sorreratik 170 milioi liburu saldu baitira 85 hizkuntzatan. Pippik ez du gaurkotasunik galdu, beraz.
Haur Literaturako pertsonaia klasiko hau eta bere unibertsoa gerturatu nahi dizkie Galtzagorri elkarteak belaunaldi berriei. Izan ere Pippi Kaltzaluze Haur eta Gazte Literaturan agertu zen lehendabiziko neskato heroietako bat izan zen. Autoritatearen aurkakoa, aldarrikatzailea, ausarta eta zirikatzailea.
Galtzagorri elkarteak sortu duen "Egin dezagun iraultza!" aretoan liburuak irudikatzen duen Pippiren unibertsora gerturatu nahi ditugu haurrak. Horretarako sei txoko sortu ditugu:
1- Mozolomendiko ataria
2-Zuhaitz altxorduna
3-Eskola
4-Zirkua
5-Mozolomendiko ganbara
6-Pippiren esekitokia. Mundu mailako "Pippi Kaltzaluze"ren ale ezberdinak eskuratu ditugu, haurrek ikus ditzaten. Eta esekitokiko arropetan Pippik liburuan zehar esaten dituen esaldi gogoangarri zenbait txertatu.
Txoko bakoitzean hainbat dinamika egingo dituzte 8-11 urte bitarteko haur taldeek. Talde bakoitza 25 lagunez osatuta egongo da, gehienez. Lehenengo aldiz, haur talde bakoitzari aretoaren abiapuntu den liburua oparituko diogu, David Urbistondok euskarara ekarri eta Elkarrek 1994an lehen aldiz argitaratu zuen "Pippi Kaltzaluze" liburua, hain zuzen.
Mireia Delgadok eta Intza Alkainek ondu dituzte areto honetako jolas eta dinamikak, eta Aitziber Alonsok gauzatu du aretoaren diseinua eta eszenografia. Hona hemen Arrosa sareko irratietan Pippi Kaltzaluzeren literatura aretoaren sortze prozesuari buruz egin genuen solasaldia.
Aretoa muntatzeko 40 metro koadro dituen gela edo espazioa behar da gutxienez .
Areto honen bidez lortu nahi ditugun xedeak ondorengoak dira: