Aretoak

Aloka ezazue

Areto literario honetan, ABEZEDARIOA izango dugu protagonista. Hortaz, hizkiak eta hitzak izango ditugu hizpide eta haien bitartez, haiekin jolastuz eta haiei jarraiki burutuko dugu ibilbide literarioa.

Hizki Hazka aretoa, hizkiekin jolasean hasten diren 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendua dagoen arren, adinez txikiagoak direnak familian edo bitartekarien laguntzaz disfrutatu dezakete, saio ireki edo gidatuetan. 12 urtetik gorako taldeentzat ere moldatuak izan daitezke aretoko dinamikak. Guztira, 25 parte-hartzailez osatutako taldeekin egin daitezke saio gidatuak. 

Areto honen helburu nagusietako bat abezedarioa ezagutzea bada ere, haratago joan nahi dugu eta abezedarioa osatzen duten hizkiei bizia eman nahi diegu. Hizkien forma, hotsa, mugimendu edota usaimena, hizkien arteko lotura eta esanahiak… hizkiak era askotara antzeman daitezkeelako, funtsean hizkiei bizia eman eta haiekin solasean ipiniz, haurren irudimen, sormen eta sentipenei lekua eman nahi diegu aretoan. Hizkietatik hasten baita literatura.

Abezean zehar egingo den bidaia honetan bost txoko ezberdin aurkitu daitezke:

1. HIZKI UZTA

Baratze eder batean hizkien haziak landatu ditugu. Dagoeneko hazi egin diren hizkiak topatu beharko dira bertan eta zentzumen guztiak martxan jarri beharko dira horretarako. 

2. HIZKI HOTSAK

Baratzean landatutako hizkiek zer daukate esateko? Belarriak hizkien kobazulora sartu eta ea gai garen hizki ezberdinak hotsez antzemateko. Ondoren, hizki horren soinu edo hotsa kantatzen ahaleginduko ginateke?

3. HIZKI GORPUTZAK

Entzundako hizkien formari ere erreparatuko diegu. Nolako gorputza dute? Tripa-handia da ala argal argala? Eta nola ibiliko da? Hizki ospetsuenen alfonbra gorrian gorpuztuko ditugu guztiak. Photocallean argazkia aterako dugu. Hizkiak oso famatuak dira, denen ahotan baitabiltza!

4. HIZKIAK ESKUTIK HELDUTA

Hizkiak elkartzen badituzu... Hara! Hitzak asmatzen dira! Aretoan asmakizun liburuak daude eta asmakizun jolasetan murgildu gaitezke. Hartara, hitz berriak lortuko ditugu. Hitzak beharrezkoak dira ondoren istorioak asmatzeko. 

5. HITZAK ELKARREKIN

Lortutako hitzekin esaldi, poema, istorio pila sortu daitezke! Irudimena martxan jartzeko ordua. 

Abezearen amaieraraino iritsita... ZZZZZ! Hizkiak lokartzeko ordua izango da.

Aretoan bertan abezedario liburu pila topatu daitezke (poesia liburuak, pop up liburuak, album ilustratuak...). Hauek eskuartean izan eta hizkiekin gozatzeko tarte librea ere egongo da areto honetan. 

Galtzagorri Elkarteak 2021ean martxan jarritako aretoa da honakoa. Mireia Delgado eta Intza Alkainek ondu dituzte areto honetako jolas eta dinamikak, eta Aitziber Alonso eta Idoia Beratarbidek gauzatu dute aretoaren diseinua eta eszenografia. 

1. Galtzagorri elkarteko areto literario guztietan bezala, helburua irakurzaletasuna plazerez konkistatzea da. Kasu honetan, testu idatziak osatzen dituzten andamio edo zutabeak oinarri hartuta: hizkiak.

2. Letrak testu ororen zutabea direla ohartzea: Ipuinen, esaldien, palindromoen, matematikako buruketen, asmakizunen edota testu-liburuetako testuen oinarri direla.

3. Idatzitakoaren eta ahoskeraren artean zubiak eraikitzea: Letra desberdinen ahoskeraz ohartzea eta berau euskalki batean edo bestean aldatzen dela ikustea.

4. Kultur-artekotasunari bide ematea eta kultura unibertsala kuestionatzea:

-Abezedario eta hizkuntzen arteko loturak egitea.

-Inguratzen gaituzten hizkuntza guztiek beraien abezedarioa badutela ezagutzea.

-Abeze desberdinak ikustea eta kasuan kasu, beraiek ezagutzen dituzten hizkuntzetatik tiraka, hizkuntza desberdinei espazio bat ematea.

5. Idatzitako testuetara eta idatzitako hizkuntzara plazerez gerturatzea:

Ahozko jolas literarioen bidez (poemak, asmakizunak, palindromoak…), irakurzaletasuna bultzatzea.

Hizki Hazka Legazpin