AURREKO EDIZIOAK > 2022-2023

1. Ikasle bakoitzak aukeratutako titulua irakurriko du: AURTENGO PROPOSAMENAK zerrendatik edo EZINBESTEKOen zerrendatik hautatutako liburu bat. 

2. Ikastalde bakoitzak irakurri duen liburuaren gaineko booktrailer edo erreseina interaktibo bat egin beharko du eta, ondoren, 2023ko MARTXOAREN 3a baino lehen Liburu Gaztearen webgunean zintzilikatu. Booktrailerrak lauko taldeetan egitea gomendatzen dugu, sari nagusia ere lau lagunentzako izango baita.

3. Booktrailer edo erreseina interaktiboa modu errazean egin daiteke, egungo teknologiak erabiliz. Azalpen guztiak, booktrailerra egiteko urrats guztiak, BIDEO TUTORIAL batean izango dituzue Liburu Gaztea webgunean. Hortaz, ez dira ikastetxez ikastetxeko formakuntza saioak eskainiko, baina irakasleei zuzendutako JARDUNALDI bana egingo da urrian Bizkaian eta Gipuzkoan.

4. Hala ere, Galtzagorri elkartea zuen kontsulta eta zalantzei erantzuteko prest izango da ikasturtean zehar. Horretarako gure e-posta emango dizuegu: liburugaztea@ibbygaltzagorri.eus

5. Liburu Gaztea Lehiaketan booktrailer edo erreseina interaktibo hoberenak sarituko dira. Horrek esan nahi du, lan hori webgunean zintzilikatzen duenak soilik duela irabazteko aukera.

6. Bi modutan har daiteke parte lehiaketan: Ikastetxeen kategorian edota Norbanakoen kategorian. Ezingo da booktrailer bera aurkeztu bi kategoriatan.

  • Ikastetxeen kategorian parte hartzeko, aurrez izena ematea eskatzen da. Izen-ematea 2022ko IRAILAREN 23an amaituko da.
  • Norbanakoen kategorian ez dago izena eman beharrik, nahikoa da bakoitzaren adinari dagokion liburua irakurri eta booktrailerra berau lehiaketako azken eguna baino lehen bidaltzea.

7. Ikastetxeen kategorian, gehienez 2 minutuko iraupena duten booktrailerrak onartuko dira eta webgune honetara igoko dira (Igo zurea atalean). Aldiz, Norbanakoen kategorian, gehienez 2 minutuko iraupena duten booktrailerrak onartuko dira eta webgunera zein TikTok-era igotzeko aukera egongo da (bigarren kasuan web orriko parte hartze formularioa ere bete behar da).

8. Ez dira onartuko filmetatik hartutako irudiekin soilik osatutako booktrailerrak.

9. Epaimahaiak euskararen zuzentasuna eta egokitasuna aintzat hartuko ditu. Ez dira akats larriak dituzten lanak sarituko (Bidalketa egin aurretik lanak errepasatzea gomendatzen dugu).

10. Irabazleak epaimahai batek hautatuko ditu probintzia bakoitzean (Bizkaia eta Gipuzkoa).

11. Ikastetxeen kategoriako irabazleak hautatzeko garaian, epaimahaiak bi multzotan banatuko ditu lanak: DBH1-2 multzoko lanak eta DBH3-4 multzokoak. Hortaz, bi sari nagusi banatuko dira Ikastetxeen artean eta ez da bigarren eta hirugarren saririk izango. Norbanakoen kategorian, ordea, maila guztiak batera lehiatuko dira, parte-hartze txikiagoa izaten baita sail honetan. Hortaz, sari bakarra.

12. Publiko zabalak ere izango du bere iritzia emateko aukera. Orain arte bezala, boto bidez hautatuko da PUBLIKOAREN SARIA jasoko duen booktrailerra. Edonork eman ahal izango du botoa, baina bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du, kategoria bakoitzean boto bana emateko aukerarekin. 2023ko APIRILAREN 1etik 30era bitartean egongo da bozkatzeko aukera. Orduan aktibatuko da webgunean BOZKATU atala. Hortik bakarrik eman ahal izango da botoa. Jasotako booktrailer guztien artean aukeraketa bat egingo da sarituko diren bideoen kalitatea bermatzeko helburuz. Aukeratutako bideoak soilik sartuko dira publikoaren bozketan.

13. Bozkatzen dutenen artean, e-reader bat zozkatuko da.

14. Liburu Gaztea Lehiaketan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak liburuen aholkulari eta sustatzaile izan direla ziurtatzen duen agiria jasoko du.

15. SARIAK:

  • IKASTETXEKA:
    • DBH1-2: Sari bakarra; abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua (probintzia bakoitzean sari bana).
    • DBH3-4: Sari bakarra; abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua (probintzia bakoitzean sari bana).
  • NORBANAKOKA: vlogger kit bat, e-reader bat eta 100 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko (probintzia bakoitzean sari bana).
  • PUBLIKOAREN SARIAK:
    • Ikastetxeen kategorian: escape room baterako pasea 4-5 lagunentzat eta 100 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko (sari bakarra bi probintzietarako).
    • Norbanakoen kategorian: escape room baterako pasea 4-5 lagunentzat eta 100 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko (sari bakarra bi probintzietarako).
  • BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

 

16. 2022-2023 ikasturteko Liburu Gaztea booktrailer lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute.

17. Lanak aurkezteko azken eguna 2023ko MARTXOAREN 3a izango da.

18. Sariak hutsik geratuko dira epaimahaiaren ustez jasotako lanek eskatutako maila eskaintzen ez badute.