GONAGORRI GALTZAGORRIREN HAUR ETA GAZTE LITERATURA PODCAST-A

Ilustratzailea: Concetta Probanza

Sexua Gazte Literaturan: nor dago deseroso?

Miriam Luki, Antton Kazabon eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

Sexualitatea arantzaz bete dugun gaietako bat da, eta arantzak are gehiago zorrozten dira gaia haurrei eta gazteei ematen diegunean. Baina, sexualitatea fikzioaren pasaiaren parte da, bizitzan bezala fikzioan ere sexua gertatzen delako. Gaia lantzerakoan, beraz, errezetek ez dute balio, ezta irakasgai jakinen mesedetan eraikitako narrazioek ere, irakurleek iruzurra usaintzen dute eta. Honetaz guztiaz Mireia Delgado pedagogoarekin hitz egin dugu.

Play Pause
00:00 /
Ixildu Aditu

GONAGORRI
ENTZUTEKO BESTE BIDE BATZUK

Zuzenekoa II: irakurle esperientziak partekatzen

2023-10-24

Mariasun Landa idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea, Andere Garabieta eta Urko Urrutikoetxea booktube egileak elkartu ditugu belaunaldi ezberdinetako irakurleek bertatik bertara euren esperientziak parteka ditzaten. Publikoa osatu duten Arantzazuko Ama ikastetxeko 3. DBHko bi ikaslek liburu-gomendioa, eta Oier Guillanek irakurketa dramatizatua zuzenean egin du.

Solasaldiaren eta irakurketa dramatizatuaren bideoak ikusteko, egin klik hemen

Ikusi Mikusi, zer ikusi?

Miriam Luki, Pello Aņorga eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2023-09-28

Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azokaren sorrera, ezaugarriak eta urriaren 20an eta 21ean egingo dugun bosgarren edizioaren berri eman digu Amaia Hennebutte feriako arimetako batek. Kontaketa Pello Añorgak egin du eta gomendioak azokan izan diren Hegoaldeko zein Iparraldeko haurrek egin dituzte.

Itzulpenaren memoria

Miriam Luki, Sarah Turtle, Iņaki Mendiguren eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2023-06-30

Manu Lopez Gasenik haur eta gazte literatura eta itzulpena josi dizkigu ikuspuntu historiko batetik. Euskarara ekarritakoa, ekarritakoaren eragina, argia eta ilunak. Euskara ez den beste hizkuntza bat ere ekarri dugu itzulpengintzari buruzko pieza honetara.

Ipuin klasikoen basoan barrena

Miriam Luki, Ixabel Agirresarobe eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2023-05-31

Zergatik klasiko? Zein ezaugarri dituzte? Zein da hitz bideko narratiba? Eta ilustrazio bidezkoa? Juan Kruz Igerabidek eta Maite Gurrutxagak kontatu digute. Finean, ahozkotasunetik datozen eta hitz bidez finkatzen diren ipuinak dira, denboraren joanari eusten diotenak.

Ipuinak kontatzen

Miriam Luki, Lur Korta eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2023-04-30

Joxemari Carrereri galdetu diogu nerabeei nola kontatzen dizkien ipuinak. Nola galdetu, eta mundu bat ireki digu azaltzeko nola horretan kabitzen direla nork kontatu eta nori kontatu; hain justu bi horien arteko harremanak sortzen duela kontaketa.

Umeak beren buruaren jabe dira

Miriam Luki, Juan Kruz Igerabide eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2023-03-29
Haur eta gazte literaturaz eta zuzentasun politikoaz hitz egitera joan, eta Anjel Lertxundik gure gizarteari buruzko gogoeta oparoa utzi digu. Despiste generazionala deitu dio kontraesanez betetako umeen zaintza oso protekzionistari. Pieza hau ispilu bat da, begiratu nahi duenarentzat.

Alfabetoak: jolasa eta ingenioa

Miriam Luki, Saroa Bikandi eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2022-12-30

Itziar Zubizarretarekin mintzatu gara alfabetoei buruz. Diotena baino gehiago esaten ez diotenari erreparatzeko gomendioa egin digu. Finean, jolasa eta ingenioa direlako alfabetoen hezur eta mami. Ahozko tradizioak ekarri ditu gugana, hitzekin liburuak ez zeudenean ere jolastu baitira izakiak. Alfabeto asko dago haur- eta gazte-literaturan; euskaraz, ordea, ez dago hainbeste eta guk gehiago nahi ditugu. 

Haur eta gazte literatura genero ikuspegiaren leihotik

Miriam Luki, Itziar Saenz de Ojer eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu

2022-11-29
Mireia Delgadorekin aritu gara haur eta gazte literatura eta generoa lotu nahian. Zabalegia zen eta hasi gara bidea urratzen, hitzak hobeto josten eta haurrek eta gazteek gaiaren gainean diotena berreskuratzen. Beti bezala gaiari buruzko egia magikorik ez, hausnarketa-bideak bai. Kontaketa Itziar Saenz de Ojerrek egin ditu eta komiki bat eskuetan dator Lore Agirrezabal gomendioen atalean.

Gonagorri Zuzenean

2022-10-26

Irakurle-esperientziak partekatu ditugu zuzeneko Gonagorrin. Kutxa Kultur Klubean elkartu ditugu Aiala Garabieta, Eider Rodriguez, Jon Martinez eta Antton Olariaga. Zer dago lehenengo, irudia ala hitza? Formol Laborategiak kontaketa, gomendioak publikoak eman ditu, klubera hurbildu diren Donostiako Jesuitinas eta Axularreko ikasleek.

Solasaldiaren eta irakurketa dramatizatuaren bideoak ikusteko, egin klik hemen

Hezkuntza: liburuak zapatetan

Miriam Luki, Maria Jesus Telleria eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2022-09-30

Ibon Egañarekin lotu ditugu haur eta gazte literatura eta hezkuntza. Irakaslegaiek aukera dute HGLz ikasteko unibertsitatean? Ateratzen direnean eta lanean hasten, makulurik ba al dute haur eta gazte literaturaren bitartekari izateko? Makulua izan liteke formakuntza, baliabideak, erremintak. Argi eta itzal artean egin dugun pieza da, zarata artean ere bai. Argiekin geratzen gara liburuak zapata azpian.

Ibilbideak I: Mariasun Landa

Miriam Luki, Ibon Egaņa eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2022-07-29

Mariasun Landarekin aritu gara haur eta gazte literatura modernoaren hastapenaz, errealismo kritikoaz eta umoreaz, literatura honen garrantziaz, idazlearen hasieraz eta jardunaz, bere irakurle-esperientziaz… Solasaldiak harribitxi ugari utzi dizkigu, hala nola: zergatik idatzi? «Irakurtzen ari zaren horri erantzuteko».

Haur eta gazte liburutegietan barrena

Miriam Luki, Intza Alkain eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2022-05-31
Asun Agiriano bibliotekariarekin haur eta gazte liburutegien inguruan hitz egin dugu. Nolakoak dira gure liburutegiak? Nolako liburutegiak nahiko genituzke? Hutsunerik badute? Nora begiratu dezakegu? Ez dugu erantzun biribilik bilatu, hausnarketarako bideak baizik. Liburutegi batean sartu eta han egindako ibilbidearen kontakizuna egin dugu eta liburutegiak aldez edo moldez hizpide dituzten liburuen zerrenda ekarri dugu.

Gerrari buruz gerra saihestuz

Miriam Luki, Begoņa Durruty eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2022-04-30

Gerrari buruzko pieza egin dugu eta saiatu gara gerrari buruz ahalik eta gutxien hitz egiten. Gonagorri honetan piztiak agertzen dira, horiek saihestezinak ziren, baina beste zidor batetik jo dugu. IBBYaren jarduna azaldu digu Izaskun Jauregi Galtzagorri elkarteko idazkari teknikoak. Horrez gain testigantzak ekarri ditugu eta liburu-zerrendak.

Hitzik gabeko liburuak ez dira liburu mutuak

Miriam Luki, Intza Alkain eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2022-03-31

Hitzik gabeko liburuek erabiltzen duten hizkuntza bisualari buruz aritu gara Mikel Ayerbe EHUko literatura irakaslearekin. Albumez gain hitzik gabeko liburu asko dago. Ez dira halere liburu mutuak, komunikatzen dute eta gure baitan haientzako hitzak bilatzen ditugu., bilatu eta sortu. Irudietan geratzeko gonbidapena egiten dute aukeraz betetako hitzik gabeko liburuek.

Komikia literatur generoa da

Miriam Luki, Formol konpainia, Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-12-27

Komikia literatur generoa dela aldarrikatzera gatoz eta, Amaia Serrano irakaslearen eskutik, generoaren berariazko ezaugarriak aletu ditugu, baita euskaraz dagoen aukeren berri eman ere. Gero eta komiki gehiago dago liburu-denda eta liburutegietako apaletan. Izan ere, binetek jarraian doan testuak bezainbeste geruza izan ditzakete.

Fikzio digitala ez da nahitaez pantaila gehiago

Miriam Luki, Aitzol Lasa eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-12-01

Fikzio digitalak obra narratiboak dira eta oraingoan «haurrek eta gazteek kalitatezko kultura bideo-ludikoa edukitzeko eskubidea» dutela esatera gatoz. Hitzok Lucas Ramadarenak dira, harena da pieza honetako teoria. Praktika, aldiz, Intza Alkainen eskutik dator. Zer diote eskoletan fikzio digitalak aurkezten dituenean?

Ilustrazioek hitzek bezainbeste hitz egiten dute

Miriam Luki, Oihana Etxegibel eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-11-05

Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin hizketan eta aurreneko galdera honakoa: haurrak ginenean irakurri genituen liburuen istorio gogoangarrienekin batera ez al datorkigu irudi bat? Ilustrazioak irakurri daitezkeelako irakurtzen dituzte haurrek. Are gehiago, ilustrazioek alfabetizazio bisualaren ardatza dira, mundua eta ingurua azaltzeko hitza bezain indartsua den erreminta. Eta, noski, ilustratzaileen langintza lanbidea da.

Zergatik ez dugu asmatzen gazte literaturarekin?

Miriam Luki, Andere Garbieta eta Beņat Chavez. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-10-05

Zer edo zer erakutsi nahi dien artefaktua al da gazte literatura? Kanpoan ikusten ez duten utopia gezurti bat kontatzen al die? Dezepzionatzen ditu? Mesfidati bihurtzen dira? Balio eta ikasgai saltzaile gisa ikusten dute bitartekaria? Galdera-markaz bete zaigu Patxi Zubizarreta idazlearekin partekatu dugun Gonagorriren pieza hau.

Album ilustratuak, gure lehenengo museoa

Miriam Luki, Amaia Hennebutte, Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-09-06

Karla Fernández de Gamboa Vázquezek kontatu digu, besteak beste, album ilustratuen irakurleek ez dutela adin jakinik, albumetan hitz bidezko kodea eta irudizkoa ezkontzen direla eta biak direla ezinbesteko, albumetan irudiak ere irakurtzen direla eta kalitatezko albumen irakurketak askotarikoak izan daitezkeela geruza asko dituztelako.

Literatura ez da emozioen errezeta-liburu bat

Miriam Luki, Beatriz Egizabal eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-07-29

Literatura gure baitan sartzea da, Juan Karlos Alonsoren esanetan: «Buruarekin eta bihotzarekin bidaia egitea da». Irakurleak ukitu eta hunkituko ditu benetako literaturak, emozioen edo balioen errezeta-liburuek, ordea, nekez mugituko dizkie barrenak. Izan ere, literatura askatasuna da, transgresioa da eta berez sortuko ditu eraginak aurrez inolako helbururik zehaztu gabe.

Mitoak gaztaroarekin ezkondu zirenekoa

Miriam Luki, Xabier Olaso eta Lore Agirrezabal. Musika: Maite Larburu. Edizioa: Maddi Orcajo

2021-06-27

Ahozko ondarea ura bezalakoa da, ez dago sekula geldirik eta kontatzen dugun aldiro biziberritzen da. Mitoak, alegiak, baladak... Den-denak dira ahozkotasunaren erreinukoak eta, badakizu? Gazteen eremukoak dira. Gaztaroan barruan lehertzen den sumendiari jarritako hitzak dira mitoak. Izan ere, gazteei tradizio bat ez badiegu jartzen, beren kabuz asmatuko dutela kontatu digu Juan Kruz Igerabide idazleak.