Hemeroteka

2026-04-20

Hasi da Literatura Aretoen bira

Lau Literatura Areto eramango ditugu Gipuzkoako beste hainbeste herritara Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesari esker. Aurtengo lehen hiru aretoak Soraluzeko, Ordiziako eta Hernaniko herrietan izango dira. Laugarrena, ondo bidean, Urretxun egingo dugu; hain zuzen, aurten sortu eta lehen aldiz eskainiko dugun Pippi Kaltzaluze liburuan oinarritutako aretoa izango da.

Guztira, 6 eta 12 urte bitarteko 1.000 gaztetxotik gora aretoekin eta bertan eskaintzen dugun literatur-ibilbidearekin gozatzeko aukera izango dute.

Galtzagorriko aretoak literatura jolasak dira, non haurren nahiz gaztetxoen parte-hartze aktiboa beharrezkoa den. Arte diziplina ezberdinak biltzen dituzte aretoek, hala nola musika, pintura, diseinua, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota animazioa. Euskarazko haur eta gazte literatura baliatuta, areto bakoitzak gai zehatz bat lantzen du. Helburuak euskarazko literatura suspertzea eta gaztetxoengan irakurtzeko zaletasunaren harra ereitea dira.

Hamargarren urtea da Jolas eginez irakurzaletu goiburupean Galtzagorrik aretoen zirkuitua Gipuzkoan barrena daramala. Hona aurtengo lau aretoak, non eta noiz:

  • Hizki Hazka aretoa. Areto literario honetan alfabetoa izango dugu protagonista. Hortaz, hizkiak eta hitzak izango ditugu hizpide eta haien bitartez, haiekin jolastuz eta haiei jarraiki burutuko dugu ibilbide literarioa. Apirilaren 20tik 24ra bitarte Soraluzeko udal liburutegian egongo da, eta 6-9 urte bitarteko haurrek parte-hartuko dute.
  • Itsaspeko bihotzak aretoa. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Ordiziako udal liburutegian jarrita egongo da maiatzaren 4tik 15era. 8-11 urte bitarteko haurrekin 12 saio gidatuak egingo ditugu. Maiatzaren 14an, arratsaldez, familiei eskainitako saioa izango da.
  • Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda aretoa. Areto honek hitzik gabeko liburuak jorratzen ditu, eta IBBYk Lampedusa irlan egindako Silent Books egitasmoa du abiapuntu. Hernaniko Biteri Kultur Etxeko erakusketa gelan izango da urriaren 23tik 30era bitarte.
  • Pippi Kaltzaluze literatura aretoa. Pippi Kaltzaluze sortu zenetik 80 urte bete direla eta, fikziozko pertsonaia historiko honi eta haren abentura entzutetsuei areto literario berria eskaini diogu. Astrid Lindgren-en Pippi Kaltzaluze liburuan irudikatzen den Pippiren unibertsora gerturatuko gaituen txokoez osatuta dagoen aretoa da; txoko bakoitzean hainbat dinamika egongo dira. Udazkenean, ondo bidean, Urretxun eskaintzeko moduan egongo gara.