Hemeroteka

2026-11-06

Bularretik Mintzora-ko liburuxken audioak webean zintzilikatu ditugu

Bularretik Mintzora kanpainaren baitan– 2008tik 2018ra Galtzagorri elkarteak gauzatu zuen egitasmoa– haur txikien guraso eta hezitzaileei bideratuta sortu ziren bi CD-liburuen audioak zintzilikatu berri ditu Galtzagorri elkarteak web gunean.

Hainbat bitartekarik egindako eskaerari erantzunez egin dugu lan hau, izan ere, Bularretik Mintzora eta Sasi guztien gainetik liburuetan idatziz jasota dauden sehaska-kantak, esku-jolasak, aho-korapiloak, ipuinak eta poemak CD eran entzuteko zailtasunak adierazi izan dizkigute. Grabazio hauen eta bi liburuxken helburua euskarazko haur literaturako testu tradizional hauek belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzea da. Alegia, helduek hauek ikasi eta haurrekin erabiltzea. Horregatik sareratu ditugu bi liburuxketan erabilpen-ohar eta guzti jasotzen diren audio guztiak.

Bularretik Mintzora CD-liburuaren publiko hartzailea 0 eta 4 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileak dira. Bertan, euskarazko Haur Literatur tradizioaren galerari aurre egin nahian, sehaska-kantak, esku-jolasak eta bestelako ereduak eskaintzen zaizkie helduei haien haurrekin erabiltzeko, jolasean, kantari, magalean edo kulunkan. Amaren sabelean dauden une beretik has daitezke helduak horiek erabiltzen.

Lehenengo CD liburu honen ostean, plazaratu zuen Galtzagorri elkarteak bigarrena: Sasi guztien gainetik. 5 urtetik aurrerako haurrekin erabiltzeko haur-jolas, kanta eta tradiziozko ipuin bilduma jaso genuen bertan, guraso eta hezitzaileek haurrekin partekatu zitzaten.

Aipatu bi lan horien bildumagilea Itziar Zubizarreta izan zen. Ilustratzailea Elena Odriozola eta ahozko eredu garbi hauei musika jarri zietenak puntako bi musikari: Aurélio Edler Copés, Bularretik Mintzoran eta Zuriñe Fernandez Gerenabarrena, Sasi guztien gainetik lanean. Ahotsak ere euskarazko Haur Literaturan diharduten lehen mailako sortzaileenak dira, hala nola, Miren Agur Meabe, Juan Kruz Igerabide, Pello Añorga eta Yolanda Arrietarenak.

Sortutako baliabideen gordailua

Bularretik Mintzora egitasmoa kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio zen 2008an Itziar Zubizarretaren ekimenez eta hamar urtez egon zen martxan. Xede zuen 0-8 urte bitarteko haurren artean irakurketa ohiturak sustatzea eta horretarako haien ondoan zeuden guraso eta hezitzaileei baliabideak eta prestakuntza eskaintzea.

Kanpainaren oinarri eta abiapuntu izan zen Bularretik Mintzora izeneko CD-liburua, Galtzagorri elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin batera ondu eta plazaratu zuena. Bularretik Mintzora kanpaina egiten zen herrietako eskoletan banatzen zen CD-liburua, gurasoentzako aholkuekin batera. EAEko haur jaioberri guztiei ere banatu zitzaien ospitaleetan urte batean.

Kanpainako ekintzak irakurketa ohiturak garatzen diren inguruetan burutu ziren: bibliotekan, etxean, haur eskolan, eskolan eta osasun zentroan (pediatra eta emaginen bitartez), hain zuzen ere. EAEko 15 herri baino gehiagotan gauzatu zen eta emaitzak txostenetan bildu ziren. Bularretik Mintzora eta Sasi guztien gainetik liburuxketako audioez gain, kanpainaren baitan sortutako hainbat baliabideren gordailua aurkituko duzue Galtzagorri elkartearen web gunearen atal honetan.

Bularretik Mintzora egitasmoa bertan behera geratu bazen ere, honen baitan egiten ziren hainbat ekintza burutzen jarraitzen du Galtzagorri elkarteak Mintzoan Kux-Kux egitasmoaren baitan: irakurketa klubak, motxila txikien zirkuitua…