Difusio materiala

"Bularretik Mintzora: kantak, poemak eta ipuinak", CD-liburuaren xedea 0 eta 4 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileak dira. Haur literatur tradizioaren galerari aurre eginez, sehaska kantak, esku jolasak, eta abar eskaintzen zaizkie helduei haien haurrekin erabiltzeko, jolasean, kantari edota kulunkan.
Liburuaren muinean egitura literario desberdinak aurkituko ditugu: jolasak kantuak eta ipuinak, horien guztien hitzak azaltzen dira, ondoan erabilpen ohar bat eta guzti. CD osoa musika egitura batean kokatzen bada ere, ahotsa eta ahoskamena gailentzen dira helduei ikasteko eredu erraz bat eskainiz. Asmoa ez da artistikoa baizik eta helduek ikasi eta bere ahotsez transmititzea pieza hauek haurrarekin jolasean ari diren bitartean.

Liburu hau Galtzagorri Elkartea eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzan sortu zen.

Egilea: Itziar Zubizarreta; musika: Aurélio Edler Copések; Ilustrazioak: Elena Odriozola. Grabazioa: Eresbil; Musika teknikaria: Jon Miner. Ahotsak: Miren Agur Meabe, Juan Kruz Igerabide, Pello Añorga, Lourdes Etxebarria eta Itziar Zubizarreta.
 

CD-liburu hau salgai dago: eskaerak

 

 

"Sasi Guztien Gainetik, CD liburua". 5 urtetik aurrerako haurrekin erabiltzeko aproposa da. Haur jolas eta kanta bilduma hautatu batekin batera, tradiziozko ipuin bilduma bat eskaintzen zaizkie guraso eta hezitzaileei haurrekin partekatzeko.

Ipuin bilduma tradizioaren iturritik hartuta dago zuzenean, baina moldaketa sotil batez tratatu da aditzera eman aurretik. Mitologia eta ipuin herrikoiak tartekatzen dira jolas eta kantuekin batera. Liburuak gainera, testu guztiak eta erabilpen oharrak eskaintzen ditu. CD-a, berriz, pieza guztiak biltzen dituen musika egitura batean, baina, beti ere, ahotsa gailenduko da helduen eredu gisa, helduek erraz ikasi eta neska-mutilei transmititzeko.

Liburu hau Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren arteko lankidetzaren fruitu da baita ere.

CD-liburuaren egilea: Itziar Zubizarreta da; musika: Zuriñe Fernandez Gerenbarrena; ilustrazioak: Elena Odriozola. CDaren grabazioa: Eresbil, teknikaria: Jon Miner. Ahotsak: Pello Añorga, Yolanda Arrieta, Juan Kruz Igerabide, Jaione Lizarazu eta Itziar Zubizarreta.
 

CD-liburu hau salgai dago: eskaerak

 

 

"Jolas-Molas liburu-CD"an, Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan ikastetxeetan egiten ziren prestakuntza saioetan irakasleei banatzen zitzaien materiala jasotzen da. Ikasgelan haurrekin erabili ahal izateko poesiak, abestiak, hitz-jolasak eta beste biltzen dira bertan. CD batekin lagunduta dator, non doinuak eta esateko moduak ematen diren.

Liburu hau Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko lankidetzaren fruitu da baita ere.

CD-liburuaren egilea Itziar Zubizarreta da. Irudiak eta diseinua Aitziber Alonsorenak. Ahotsak Itziar Zubizarreta eta Aitziber Alonsorenak.

Liburu honen ale bana banatu zen Bularretik Mintzora egitasmoan parte hartu zuten herrietako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako geletan.