Zer izan zen

Zer izan zen

BULARRETIK MINTZORA egitasmoa kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio zen 2008an eta hamar urtez egon zen martxan, 2018ra arte. Euskal Herriko haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta egon zen eta bere helburu nagusia  0-8 urte bitarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea izan zen, haien gurasoak eta hezitzaileak bitartekari zirelarik.

Irakurketa garatzen den inguru naturalean gauzatu zen kanpaina: osasun zentroetan, bibliotekan, etxean, haurreskola eta eskoletan, hain zuzen ere. Egoitza hauetan Galtzagorri Elkarteak ekimen ordenatuen bitartez jorratu zituen giro irakurle bat sortzeko aukerak.

Irakurketaren ikusmolde zabal bat izan genuen abiapuntu: testu bat gurea egiteaz ari ginen, haren esanahia partekatzeaz; komunikazioaz, hain zuzen ere. Ez zegoen gure asmoen artean, inolaz ere, haurra lehenbailehen irakurtzen hastea; gure proposamenak literatur edukiak dastatuz haiekin gozamena sortzera bideratu ziren. Noizbait haurraren irakurketa ahalmenak garatzen ziren neurrian, irakurketa petsonalak egiteko interesa sortuko genuenaren esperantzan.

Euskal haur literaturan oinarritu ziren egitasmoak eskaintzen zituen baliabideak; haurrak bere bizitzan modu natural eta atsegin batean barnera zitzan entzun, kontatu eta kantatzeko ohiturak. Irakurketa partekatu horrek haurrari onurak ekartzen dizkio bere garapen integralean, horixe aldarrikatu genuen hastapenetik. Gure ekimen nagusia aldarrikapen hau egi bihurtzea izan zen: haur literaturak haurraren garapenean duen eragina aztertu ondoren, baliabide egokiak eta ordenatuak eskaintzea literatura haurraren bidelagun bihurtzeko, adinez adin.

Bularretik Mintzora egitasmoaren antzeko zenbait egitasmo aurkitu genituen hastapenean, gerora ordea, garapen propioa izan zuen printzipio unibertsal batzuk euskal egoerara egokituz. Urtez urte gauzatu zen egokitzapen hori egitasmoaren edukiak sortuz eta ebaluatuz.

Bularretik Mintzora proiektua Itziar Zubizarretak sortu zuen eta Galtzagorri elkartearen laguntzari esker burutu zen. Halaber, egitasmoan lankide izan ziren Euskal Haur eta Gazte Literaturan erreferente diren hainbat idazle eta ilustratzaile. Egitasmo guztiaren ebaluazioa Juan Karlos Alonso psikologoak egin zuen eta proiektuaren material grafiko oro Elena Odriozolak ilustratu zuen.  Erakunde publikoek eskaini zioten egitasmoari ezinbesteko sostengua: Eusko Jaurlaritzak eta tokian tokiko Udalek eta Kultur Elkarteek.