Buletinak

[2015-12-11] Bularretik MIntzora: 34. Buletina

Kaixo adiskide,       


Hemen duzu eguberriko jai hauetan gozatzeko gure proposamen literarioa. Era guztietako gutiziak aurkituko dituzu bertan: jolastekoak, abestekoak, kontatzekoak...baita Olentzerok, bere zakuan sar ditzakeen liburu sano ederrak ere.


Zure gustukoa izango delakoan gaude.


Ea ba...gozatu!

Buletin berriaren inguruko argibideak.

2015-12-11

Atzotik Bularretik Mintzora Web gunean azaldu genuen bezalaxe, gaur igortzen dizuegun BM buletinak aldaketa esanguratsu bat dakar:

Orain arte buletin honetan atxikitzen genituen baliabide literarioetarako sarbidea irekia izan da, edozein sar zitekeen nahieran. Baina kontutan izanda bertan agertzen diren baliabide literarioak Bularretik Mintzora egitasmoaren barne edukiak direla, hauen atzean dagoen lana ikaragarri handia dela eta eduki hauen egile eskubideei errespetua zor zaiela, sarean horiek babestea erabaki dugu. Beraz, informazio eta eduki hauek modu pribatuan, Bularretik Mintzorako erabiltzaile direnentzat bakarrik
eskaintzea egoki ikusi dugu.

Zu, jada, harpidea zara eta horregatik jasotzen duzu Buletina zure e-postan, baina buletineko eduki literario guztiak ikustea nahi baldin baduzu ERABILTZAILE egin beharko zinateke. 
 

Galtzagorriko bazkide bazara, mesedez, jakinarazi iezaguzu fitxan agertzen den laukitxoan klikatuz. Bazkideek tarifa bereziak baitituzte.


Etxean Kontu Kantari

2015-12-11

Hitz-jokoen proposamenean, adin tarte guztiak hartzen ditugu kontutan. Ikastetxean eta etxean hitzak dira jolaserako aitzakia; musika eta haren konpasa jolasaren ibilgailu paregabeak. Poesiak eta kantuak erritmo ezagun batean oinarritzen dira; ibilbide ezagun batean garatzen dira, baita haurraren ezagutza bidea ere: afektiboa, soziala eta intelektuala. Poesiak eta kantuak ahotsaren soinua eta doinua erabiltzen dituzte jolas gisa; atseginarekin lotzen dute eta hizkuntzaren edertasunarekin, noski. Izan ere, haur poesiak apaingarri gisako egituratxoak dira, jolasa eta mugimenduarekin lotzen dira gehienetan eta elkarrekintza batean gauzatzen dira.

 


Ipuinez Ipuin

2015-12-11

Adin tarte desberdinetan, ipuinak kontatzeko edota manipulatzeko aukera eskaintzen dizuegu. Haur batek ipuin bat entzuten duenean, bere baitan eraikitzen du haren esanahia. Ipuinaren irudiak eta gertatzen denaren haria bere baitan ikusiko ditu, gertatzen dena onartu edota gaitzesten duen bitartean.Oilo gorria da lehenengo adibidea: oso ipuin eskematikoa da, txikienekin gozatzeko eta handienek manipulatzeko aukerak eskaintzen dituena. Katua, oilarra eta igitaia eskema tradizionala duen ipuina da; kontaketa erraza suertatuko da ipuin honetan; izan ere, oso ezagunak egingo zaizkigu erakusten dituen aitzakiak eta ipuinaren erritmoa. Azkenik, Zazpi Antxumeak” Manuel Lekuonaren bertsio oso eder batean. Helduenek txikienei kontaketa prestatzeko.

Abrite portas, klis-klas!!


Gela barnean

2015-12-11

Gida txiki bat osatu dugu liburu ederrei begira egoteko, jolasean aritzeko, kontakizunak osatzeko eta, adin tarte handiena dutenentzat, irakurketa proposamenak luzatzeko. Liburu berriak dira batzuk eta aspaldian, eta ez hain aspaldian, argitara atera zirenak besteak. Baina adin tartea zabaldu egin dugu, gero eta neska-mutil gehiago ditugu 6-8 urte bitartekoak eta haien beharrak ere ase nahi ditugu gure eskaintzekin. 


Egitasmoa martxan

2015-12-11

Bularretik Mintzorak bere ibilbide luzean aztarnak uzten ditu hemen eta han. Baina egitasmoa burutzen dugunoi gutxitan etortzen zaigu gure lanaren oihartzuna bueltan. Herri bakoitzean denbora pixka bat ematen dugu gure proposamena zabaltzeko, gero irakasle, guraso eta bibliotekarien eskuetan geratzen da eta ez daukagu gertatzen denaren berri handirik. Horregatik, pozgarria zaigu gaur aurkezten dizuegun artikulua: “Bularretik Mintzora: el poder de la literatura”. Bertan, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolako Ainara Zubia irakasleak gure egitasmoaren edukiak ditu hizpide garapen emozionalean ipuingintzak duen eraginaz hausnarketa bat bideratzeko.


Atzera