Haur eta gazte literaturaren bitartekaritza ardatz duen Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren praktikak eta estrategiak ikastaroaren bigarren edizioa antolatu dugu. Aurretik lau urtez egin genuen Haur eta gazte literatura eskolan ikastaroaren oinordekoa da; hortaz, seigarren urtez jarraian HGLren inguruko formazioa. Oraingoan 42 orduko iraupena izango du 14 saiotan banatuta. Aldaketa gehiago dago; izan ere, orain artean EHUrekin batera egin badugu ere, aurtengoa Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuarekin batera, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak babestuta antolatu dugu.
Ikastaroari ekingo diogu martxoaren 4an eta ekainaren 17an bukatuko da. Asteazken arratsaldetan izango da, 17:00etatik 20:00etara. Nobedade handia da Bilbon egingo dugula, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan, hirigunean.
Edukiei dagokienez, hona laburbilduz landuko ditugun gaiak: Galtzagorri elkartean sortzen ditugun baliabideen prospekzioa eta esplorazioa egiteko tartea hartuko dugu 2026ko edizioan; hain zuzen hortik hasiko gara ondoren bitartekaritzaren oinarrietan sakontzeko; hain justu, saio bana eskainiko dizkiegu hitzari eta irudiari. Ondoren, bitartekaritza egiten den espazioetara joango gara: eskola liburutegira, herri liburutegira eta eskolara. Handik praktiketara joango gara tresna zehatzen bila, eta praktikak sailkatzeko literatura generoak erabiliko ditugu: ahozkotasuna, ipuin kontaketa eta antzerkia, narratiba, poesia, albuma eta komikia eta fanzinea. Amaitzeko ikasitakoa biltzeko saio bat eta jasotako tresnak maleta batean sartzeko beste bat egingo ditugu.
Kanpotik etorriko diren puntako hizlariak honakoak dira: Freddy Gonçalvez gazte literaturan aditua, Piu Martínez albumean eta irudian aditua, Maria Pousa eskola liburutegietan aditua eta Anna Juan Cantavella bitartekaritzan aditua. (Aditu horien guztien jakintzaren alor bat nabarmendu dugu, gehiago dituzte).
Euskal adituak eta arituak honakoak dira: Ziortza Onaindia (Iurretako liburuzaina), David Bilbao (DBH eta Batxilergoko irakaslea), Idoia Alustiza (DBH eta Batxilergoko irakaslea), Juan Kruz Igerabide (idazlea), Yolanda Arrieta (idazlea), Amaia Egidazu (idazlea eta kontalaria), Intza Alkain (aktorea), Miren Agur Meabe (idazlea), Eider Perez (bitartekaria eta sortzailea), Leire Bilbao (poeta), Saroa Bikandi (bitartekaria), Peru Magdalena (poeta eta bitartekaria), Karla Fernández de Gamboa (EHUko irakaslea eta albumean aditua), Maite Gurrutxaga (ilustratzailea), Maite Caballero (komikigilea eta ilustratzailea), Paula Estévez (komikigilea eta ilustratzailea), Mireia Delgado (bitartekaria). (Aditu eta aritu hauen guztien jakintza ere hitz batean kabitzen dena baino zabalagoa da).
Deialdiak ikastaroaren xehetasunak jasotzen ditu eta izena emateko honako formulariora jo dezakezue.
Animatu!