Hemeroteka

2026-03-05

Hasi da bitartekaritza ikastaroa

Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroari ekin diogu. Ikastaroaren hasiera gisa, Galtzagorri elkarteak berak bitartekariei zuzendutako baliabideak aletu genituen. Batetik, elkarteak martxan dituen proiektuei buruz aritu ginen. Bestetik, elkartearen jardun orokorraren nondik norakoa azaldu genuen. Azkenik, lan horri guztiari esker sortzen eta webgunearen bitartez bitartekarien eskura dauden baliabideen berri eman genuen.

Ikastaroaren zazpigarren edizioa da. Hizkuntza eta Politika sailaren aterkipean antolatu dugu, baina Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta, zehazki, EAEko Liburutegi Zerbitzuaren aterkipean egingo dugu. Hain justu, Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoan arituko gara, eta han izango dira ikastaroak hartuko dituen hamalau saioak. Guztietan bitartekaritza landuko dugu aldez eta moldez. Hurrengo astean Freddy Gonçalves adituak bitartekaritzari buruzko bere ikuspuntua ekarriko digu, eta bereziki landuko du gazte literaturaren bitartekaritza.