Ireki dugu Irakurketaren bitartekarientzako Lantegiak egitasmoan izena emateko epea. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuak babesten duen egitasmo honen azken helburua haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatu eta literatura heziketa areagotzea da. Horretarako, haur eta gazteen eta liburuen artean zubi-lana egiten duten bitartekariak trebatzen ditugu herriz herri eta bide batez herri bakoitzeko liburutegien eta eskoletako liburutegien arteko sarea zabaltzen dihardugu. Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 9ra arte.
Egitasmoaren esentzia azken zortzi urteetako bera izango da 2026an ere: Gehienez bi ordu iraungo dituzten 72 lantegi eskainiko ditugu urte osoan zehar EAEko herrietako eskoletan lan egiten duten bitartekarientzat. Bertan, Galtzagorri elkarteko profesional batek aurreko urtean (2025) euskaraz argitaratutako liburu-bilduma bat aurkeztuko die eta haur eta gaztetxoen irakurketa gogoan eta ohituran eragiteko estrategiak eta tresnak azalduko dizkie.
Ohi bezala, udal liburuzainak gonbidatuko ditugu lantegi horietara. Eta aurten, egitasmoa berrikuntzekin dator: hemendik aurrera zentro bakoitzean liburutegiari eskainitako gunean egingo baita lantegia eta eskolan liburutegiaz arduratzen den bitartekariak parte hartzea ezinbestekoa izango da (halakorik duten eskoletan).
Bestalde, herri bibliotekariek lantegietara joateko dituzten zailtasunak gainditu eta eskola- eta herri-liburutegien arteko zubiak sendotu nahian, udal liburuzainei berariaz hiru saio eskainiko dizkiegu lehen aldiz. Horretarako, probintzia bakoitzeko herri-liburutegi bana aukeratu eta gainerako liburuzainak gonbidatuko ditugu bertaratzera. Laster jakinaraziko diegu EAEko udal liburuzainei zein liburutegitan eta noiz egingo diren lantegi horiek.
2018an abiatu zenetik, 602 lantegi eskaini dizkiegu 12.000 hezkuntzako profesionalei eta 100 bat udal bibliotekariri. Bitartekari askoren irakurtzeko gogoa piztu eta haien literatura prestakuntzan sakondu dugu. Eta eginkizun horri segida emango diogu aurten ere Bitartekarientzako Lantegien edizio berri batekin.