Hemeroteka

2026-02-02

Laborategi Mutantea proiektua abiatu dugu

Kutxa Fundazioak egindako Hitzetatik Ekintzetara "Tresna" deialdiari erantzunez sortu genuen Laborategi Mutantea, eta gure proiektua aukeratutako hiruen artean egon zen. Hala, 2026an, Laborategi Mutantea deitu diogun proiektuaren lehen urratsak egingo ditugu. Laborategian gazteen irakurtzeko ohiturak eta praktikak arakatu nahi ditugu; gazteek ez dutela irakurtzen dioten baieztapenen kontra, irakurtzen dutela uste dugu; beste kontu bat da nola irakurtzen duten. Laborategia entzuteko espazioa izango da; gazteek esateko dutena entzuteko gunea.

Gune hori, Koldo Mitxelenarekin abiatu dugun lankidetzari esker, Donostiako Santa Teresa komentua izango da. Aurten, proiektuak bi mugarri izango ditu. Batetik, aditu mahai bat osatuko dugu, non gazteen irakurketa formak arakatzeko erremintak bilduko ditugun. Mahai horretan parte hartuko dute: Freddy Gonçalves Pez Linterna blogaren sortzailea eta bitartekaria; Piu Martínez irudien eta alfabetizazio bisualean aditua eta bitartekaria; David Bilbao DBH eta Batxilergoko irakaslea eta bitartekaria; Eider Perez Errenteriako Hitza Eskolako arduraduna (Herri Arte Eskolaren barruan); Mireia Delgado pedagogoa eta bitartekaria; Idoia Ilundain Galtzagorriko gazteei lotutako proiektuen arduraduna eta bitartekaria; Miriam Luki Galtzagorriko langilea eta proiektuaren gidaria. 

Mahai horretan bildutako jakintza landu ondoren, udazkenean gazteek osatutako beste mahai bat deituko dugu. Mahai horren gidaria Mireia Delgadok izango da, eta helburua haiekin batera gazteen irakurketa ohiturak ahal beste xehatzea izango da. 

Laborategi Mutantearen aurtengo bideari ezarri dizkiogun hiru helburuak honakoak dira: gazteen irakurketa ohituren ezagutzan sakontzea, gazteekin lanean ari diren bitartekarientzat erremintak sortzea eta jakintza horrekin guztiarekin gazteei lotutako kultur ekintzak programatzeko "menu" moduko bat eratzea. 

Kutxa Fundazioarekin eskertuta gaude proiektua aukeratu eta abiatzeko baliabideak eman dizkigulako. Fundazioarekin batera bidelagun ditugun beste kolaboratzaileekin ere eskertuta gaude.