AURREKO EDIZIOAK > 2023-2024

Utzi kontatzen

  • Argitaletxea: Txalaparta
  • Urtea: 2025
  • Itzultzailea: Ainhoa Mendiluze
  • Bilduma: Axuri beltza
  • Orri kopurua: 260
  • Adina: 14tik gora
  • Laburpena:

    Kontakizuna gaur egungo institutu batean kokatzen da eta protagonistaren arazo emozionalak modu oso errealistan erakusten ditu. Liburuak batez ere trauma, isiltasuna eta nerabe baten sufrimendua erretratatzen ditu ditu.

    Liburua laurogeita hamar kapitulutan banatuta dago, horietatik asko oso motzak. Irakurtzeko erraza da, hizkera nahiko sinplea daukalako eta kapituluak laburrak direlako. Batzuetan badirudi Melindaren eguneroko pertsonala irakurtzen ari garela, bere barruko pentsamendu asko azaltzen dira eta.

    Azalari dagokionez, tonu ilunak erabiltzen dira, eta neska bakarti baten irudia agertzen da. Horrek liburuaren giro tristea eta serioa erakusten du. Ez da tamaina handiko liburua eta letra ere normala du; eroso irakurtzen da. Gainera liburuan ez dago ilustraziorik, dena testuaren bidez kontatzen da.

    Generoari dagokionez, eleberri psikologikoa dela esan daiteke, protagonistaren barruko sentimenduak eta pentsamenduak direlako garrantzitsuenak. Baina eleberri soziala ere bada, bullying-a, sexu indarkeria eta nerabeen arteko harremanak lantzen dituelako. Gazte-literaturako liburua da, protagonistak institutuko gazteak direlako eta gaiak nerabeei gertutik ukitzen dielako.

    Argumentua Melindaren bizitzan oinarritzen da. Uda batean festa batean poliziari deitzen dio, eta horregatik institutuko ikaskide askok gorroto dute. Denek pentsatzen dute festa hondatu zuela, baina ez dakite benetako arrazoia. Pixkanaka irakurleak jakiten du Andy Evans izeneko mutil batek bortxatu egin zuela. Trauma horren ondorioz, Melinda gero eta isilago eta bakartiago bihurtzen da.

    Narratzailea lehen pertsonakoa da, hau da, Melindak berak kontatzen ditu istorioa. Honek irakurlea barruko munduan arakatzea eragin dezake. Narratzaile subjektiboa da, dena bere ikuspegitik ikusten dugulako. Batzuetan ironia erabiltzen du, baina askotan bere tristura eta beldurra ere nabaritzen dira. Gainera, ez du dena zuzenean azaltzen; irakurleak pixkanaka ulertu behar du zer gertatu zitzaion.

    Liburuaren egitura eta estiloa protagonistaren egoera emozionalarekin lotuta daude. Esaldi motzak erabiltzen dira askotan eta kapituluak ere oso zatituak dira. Horrek Melindaren antsietatea eta nahasmena transmititzen ditu. Elkarrizketek ere badute garrantzia, baina Melinda askotan isilik geratzen denez, isiltasunak indar handia dauka kontakizunean.

    Ilustraziorik ez dagoen arren, zuhaitzaren sinboloak garrantzi handia dauka. Arte klasean Melindak zuhaitz bat marraztu behar du behin eta berriz. Zuhaitz hori bere egoeraren sinbolo bihurtzen da. Hasieran zuhaitzak hautsita edo hilda marrazten ditu, baina amaierara hurbildu ahala indartsuagoak egiten dira. Horrek protagonistaren hobekuntza erakusten du.

    Liburuak hausnarketa asko proposatzen ditu. Adibidez, gertatutakoa kontatzea biktimentzat zein zaila den erakusten digu. Gainera, helduek askotan gazteen sufrimendua ez dutela ikusten ere azaltzen du. Azken batean, liburu gogorra da, baina errealista. Nerabe baten trauma eta bakardadea modu sinesgarrian erakusten ditu.

  • Prentsako aipamenak:

     

ATZERA