AURREKO EDIZIOAK > 2023-2024

Aurpegiak

  • Argitaletxea: Alberdania
  • Urtea: 2025
  • Orri kopurua: 116
  • Adina: 12tik gora
  • Laburpena:

    Eleberri honek ukitu fantastikoak eta sozialak ditu. Liburuak ez du ilustraziorik, eta irakurterraza da. Izenbururik gabeko hogeita hiru atal motzetan banatuta dago; hauen hasieran olerkiak, beste autoreen hitzak edo protagonistak dituen WhatsApp elkarrizketak txertatu ditu autoreak.

    Azkar irakurtzen den istorioa da, ez da errepikakorra egiten eta nerabe baten paperean murgiltzeko aukera eskaintzen du. Lili, Zendaya, Itzea edo Mireneren beldurrak edozein pertsonak izan ditzakeenak dira, gaur egungo kanon estetikoaren presiopean baikaude denok, nerabe zein helduok. Oso modu erakargarrian aurkezten da arazo hau ustez konpon dezakeen gailua: appegia. Gorputzari kalterik egin gabe besteek zu ikusteko modua besterik ez duenez aldatzen, Zendayak aipatzen duen bezala, gosez hil gabe edo elikadura nahasmenduren bat garatzeko arriskua izan gabe zure burua argal ikus dezakete besteek. Modu erraz eta azkarra da autoestimuan eragiten duten gorputzeko atalak aldatzeko.

    Honek guztiak hausnarketarako bidea eskaintzen du, bizi garen gizartearen presio estetikoaren eragina argia baita. Horregatik, liburu amaieran Lilik ematen duen aurrerapausoa bere burua onartzeko, eta Zendayari eskaintzen dizkion hitz politak (berarengandik erakartzen duena bere burua baita, bere ideiak, hitz egiteko modua, etab.) benetan erabilgarriak izan daitezke arazo horiek berak pairatzen ari den edozein neraberentzat.

    Interesgarria da, honez gain, teknologia berrien erabileraren inguruan susta dezakeen eztabaida. Egia da eleberrian itxura aldatzeko aukerari ematen zaiola garrantzi handiena, baina momenturen batean ere informazioa bilatzeko erraztasuna ere azpimarratzen da. Honek aukera ematen du gailu berak izan ditzakeen indargune eta ahulguneak hobeto ulertzeko eta teknologia horrenbeste garatzen ari den gizarte batean dena tentuz hartu eta erabiltzeko.

    Istorioa modu linealean kontatuta dago, dena Liliren ikuspuntutik. Hizkuntza aldetik ez du zailtasun handirik eta DBHko gazteentzat aproposa izan daiteke.

    Liburuaren indarguneetako bat bi nesken arteko harreman homosexuala naturaltasun osoz garatzen dela da. Biek aipatzen dute gazteagoak zirenean lesbianak izateagatik irainak jaso zituztela, baina liburuaren garapena ez da honetan oinarritzen. Askotan, LGTBIQ+ gaiak lantzen direnean narrazioaren bidez bideratzen saiatzen den “arazo” nagusietako bat haien onarpena izaten da eta  liburu honetan ez dago halakorik, harreman homosexuala hasieratik baitago normalizatua. Gainera, harreman osasuntsua eraikitzen dute, komunikazioan oinarritua dagoena.

    Zentzu honetan, liburuari ahulgune bat izenda ahal balitzaio, aipatuko dugu bertan azaltzen diren erreferentzia kultural ugari (aktoreen izenak, telesail eta pelikulak, etab.) agian egungo nerabeentzat urrunekoegiak dira. My mad fat diary, esaterako.

  • Prentsako aipamenak:

     

ATZERA