Liburu Gaztea booktrailer lehiaketaren edizio berria

2023-07-19

2023ko irailean ekingo dio Galtzagorri elkarteak 12. urtez Liburu Gaztea egitasmoari Gipuzkoan. Bizkaiko ikasle eta irakasleek ere, joan den ikasturteko edizioaren arrakasta ikusirik, egitasmoaz bigarrenez gozatzeko aukera izanen dute.

Betiko moduan, ikasturte hasieran zabalduko da ikastetxeek lehiaketan izena emateko epea eta, urrian, irakasleak ikus-entzunezkoetan trebatzeko lantegi bana burutuko da Bizkaian eta Gipuzkoan.

Berrikuntza modura, 2023-2024 ikasturtean, ikastetxeetan ikasleentzako formakuntza saioak egiteko aukera emanen zaie lehiaketan izena ematen duten ikastetxeei. Ikasleak ere zinemaren munduan murgiltzea eta ikus-entzunezkoetan trebatzea izango da saioen xedea. Beti ere, Galtzagorri elkartearen helburu nagusia ahantzi gabe: irakurzaletasuna sustatzea.

Beti bezala, norbanakoek ere izanen dute lehiaketan parte hartzeko aukera, baina ez dute aldez aurretik izena eman beharko. Nahikoa izanen da 2024ko martxoan haien lanak Liburu Gaztea webgunera igotzea.

Orain, uda giroaz eta irakurketaz gozatzea besterik ez da geratzen. Datorren ikasturtera arte, beraz!