42 ikastetxe eta 3000 ikasletik gertu aurtengo Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan

2023-09-26

Abian da Liburu Gaztea booktrailer lehiaketaren edizio berria. Aurten 26 ikastetxek eman dute izena Gipuzkoako lehiaketan eta 16k Bizkaikoan. Horren arabera, 3.000 ikasletik gertu ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko booktrailerrak egiten datozen hilabeteetan. Egitasmo hau Galtzagorri elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

Helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz. Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko booktrailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Hala ere, ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Horretan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2024ko martxoaren 3a) booktrailerra webgunera igotzearekin eta bertan eskatzen diren datuak betetzearekin. Oinarrietan dago informazio guztia zehatz mehatz azalduta.

Booktrailerrak egiteko ikus-entzunezko lengoaiaren eta grabazio eta edizio tekniken inguruko formazioa irakasleentzat

Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioak eskainiko ditu Galtzagorri elkarteak urrian. Aurtengoetan ere, booktrailerrak egiteko grabazio aholkuak, edizio programak eta teknika ezberdinak aurkeztuko zaizkie irakasleei. Horretarako, lau orduko ikastaro praktikoak eskainiko zaizkie, urriaren 19an, goizez, Tabakaleran Gipuzkoako irakasleei eta 26an, Bizkaikoei Basurtuko Udaltegian.

Lehiaketaren edizio honetan ere sariak epaimahaiak erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

  • IKASTETXEKA:
    •  DBH1- DBH2 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonoa ikasgelarentzat.
    • DBH3-DBH4 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonoa ikasgelarentzat.
  • NORBANAKOKA: Abentura txangoa bi lagunentzat eta 150 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren saria ere izango dugu:

  • Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.
  • Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren sarian BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Gainera, 2022-2023 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute.

Aurtengo irakurgai hautatuetatik edo ezinbestekoen zerrendatik liburua hautatu, irakurri eta rec botoiari sakatzea besterik ez da geratzen orain. Spoiler gehiagorik ezin dugu egin... Erronka martxan da eta irrikitan gaude aurtengo booktrailerrak jasotzen hasteko! EKIN!