Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Thailandiako noodle izugarriak

Idazlea: Javi Cillero Goiriastuena

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2001

Bilduma: Osinberde 7

Orri kopurua: 72


Laburpena:
Thailandiako noodle izugarriak itsas abentura bat da Bilbon barrena.
Thailandiako neskato batek antzinako formula magiko bat gaizki erabili, eta
uholde ikaragarri bat sortu du nahi gabe. Honela, Thailandiako noodle edo
espagetiez gainezka ageri dira Bilboko kaleak. Mundua amenjesus batean
hankaz gora jarri ondoren, ahalegin handia egin behar da dena berriro
konpontzeko. Neskatoaren barne mundua ere agertzen da kontakizunean, amaren
gomendioak eta aititerekiko oroitzapenak. Bestalde, Thailandiako
sukaldaritzako errezetak tartekatzen dira eta Bilboko taxi gidari baten
purrustadak.



Prentsako aipamenak:

- Ana Urkiza, Egunkaria 2001eko azaroaren 24a, Begia gehigarria Thailandian, usu denez, adin bakoitzean plater edo errezeta bat prestatzen ikasten da: arroza egosten ikasiz hasten da eta noodle-ak (espagetien antzekoak) prestatzen bukatu. Noik, arroza egosteko adina izan arren, ama lanean dagoela profitatuta, noodle-ak prestatzea erabakiko du. Errezeta ez ezagutzeak, ostera, arazotxo batzuk sortaraziko dizkio, eta ipuin guztian arazo horiek konpontzen jardun beharko du. Noodle-ak lapikotik ateratzen hasiko zaizkio, eta noodle izugarriek Bilboko kale guztiak harrapatuko dituzte.
Ipuin berria da oso Cilleroren azkena: Thailandia herrialde exotikoa Bilborekin uztartzearren; sineztezina den istorio bat guztiz sinesgarri egiteagatk; eta, bereziki, sukaldaritzaren artea edo gastronomia bilatzeagatik ipuinaren ardatz.
Cilleroren ipuinak egitura biribila dauka. Ezusteko batekin hasi eta beste ezusteko batekin bukatzen da kontakizuna; eta, bitartean, hasiera hasieratik idazleak aipatzen dituen ideiak lantzen dira ipuinean barrena. Egilearen ikuspegi kosmopolitak Thailandia eta Bilbo uztartzen ditu, nahiz eta Frantzia, Erresuma Batua eta beste zenbait herrialde ere aipatzen diren. Noi eta bere ama thailandiarrak dira eta Bilbora etorriak, lana dela medio. Hiru pertsonaia nagusi dauzka ipuinak: Noi, Patapop loroa eta taxi gidaria edo pirata. Baina Bilboko gastronomiarekin zerikusirik ez duten noodle-ak dira ardatz. Aipu gastronomikoak ipuinaren estakuru eta oinarri dira.
Egitura aldetik nahaspilatsua suertatzen da kontakizuna, ametsak liratekeen bezala. Nahas-mahas honi jarraiki, idazlea, batzuetan, jarraipenik izango ez duten kontu edo detaileetan sartzen da, edo kontakizunaren erritmoa geldiarazten duten flashback-ak egingo ditu. Hala ere, irudimen handiko lana du honakoa Cillerok, sinesgarria izatera kondenatzen duen ipuin fantastiko bat kontatzen digularik, eta, bide batez, zenbait mezu moralizatzaile txertatzeko ere aukera izango du: lagunenganako maitasuna, larrialdietan indarrak bildu beharra...
Narratzailea ere noizbehinka deskokatu egiten da, eta ikusmoldez aldatzen du: aldika narratzailearen ikuspegia du, beste batzuetan Noirena eta, kasuetan, Noiren pentsamenduan ere sartzen da...
Ipuina erakargarri egiten da edonola ere. Lehenengo ustekabetik aurrera, irakurleak gustora jango ditu noodle-ak. Ipuinak azken unean indarra galtzen badu ere, sentsazio ona geldituko zaio irakurleari hain ezberdina eta, era berean, sinesgarria egiten den istorio honi jarraituz. Sinestezina denaren inguruan "eta egia balitz, zer?" galdetzera bultzatzen baitu.


Thailandiako noodle izugarriak