Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Kofi itsasora bidean

Idazlea: Javi Cillero Goiriastuena

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belástegui

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2001

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 48


Laburpena:
Kofi Afrikako mutil koxkor bat da. Ia egunero amarekin joaten da azokara fruituak eta barazkiak erostera. Berak, ordea, arrainak ditu gustukoen eta egunen batean bere Europako lehengusuekin arrain hauek itsasoan ikusteko gogoa du. Hau dela eta, azokara etortzen den kamioi batean sartuko da itsasoa ikusteko esperantzarekin. Kamioi-gidaria ez da Kofi bertan doanik ohartuko Kofik ezkutatuta egingo baitu bidaia osoa. Bidaian zehar ingurune eta klima ezberdinak ezagutzeko aukera izango du. Baina Kofik ez du itsasoa eta arrainak ikusteko aukerarik izango, mendiz inguraturiko hiri batera iritsiko baitira. Bertan, kamioi-gidaria Kofiren presentziaz jabetuko da, eta bere asmoak zapuztuta ikusi dituenez, etxera bueltatu aurretik istorio bat kontatuko dio Europan gauza asko izan arren ez direla horregatik zoriontsuak azaltzeko. Etxera heltzean amak munduan dauden harresi eta mugez hitzegingo dio, Kofirengan egunen batean muga horiek apurtu eta itsasoa ikustera joango diren esperantza eta ilusioa piztuz.

Liburua Afrikako jendeak itsasoaren beste aldean dagoen lurraldera joateko duen gogoez mintzatuko da. Gaia jorratzeko idazleak Kofi den mutiko bati arlo honen inguruan ematen zaion azalpenetan oinarritzen da. Istorio honetaz baliatuz idazleak gaur egun inmigranteek jasatzen duten egoera islatzen du. Bide batez, irakurlea gai honen inguruko gogoeta egitera bideratzen du: ezezaguna den beste lur bat ezagutzeko gogoa eta honek gaur egun ekar ditzakeen ondorio eta trabak.


Prentsako aipamenak:

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Itsasoa ikusi nahi

Euskal idazleak gero eta gehiago idazten ari dira haur eta gazteentzat; gero eta dotoreago, gero eta gai bitxiagoak hartuz. Bere logika du, izan ere; literaturzaletasuna bere etxetik piztuta ez dakarrenak, eskoletan hartuko du. Hori sinistu nahi nuke behintzat. Egia da eskoletan asko irakurtzen dela; egia dela diot, neuk neure begiez ikusiak baititut haur-gazteak irakurtzen, eta irakurketaz gozatzen. Gozatzea baita irakurketaren lehen agindua, bai literaturan nola bizitzan. Literatura eta bizitzak bat egiten baitute askotan. Gazteentzako literaturak behintzat hori hartu beharko luke kontuan, erakusteaz gainera –literatura orok erakutsi ere erakusten baitu– entretenitu behar baitu: gozarazi, hitz batez. "Behar" aditza erabili dut, zentzurik zabalenean. Eskoletan liburu asko derrigortuta irakurtzen dira, gure garaian bezalaxe. Bada derrigortutako liburuak irakurtzen dituenak azkenik liburu guztiak gorrotatuko dituela esaten duenik, baina alderantzizkorik baieztatzen duenik ere bada. Nik neuk txikitan derrigortuta irakurri nituen liburuak, eta ez naiz iritsi beraiek gorrotatzera. Zein liburu aukeratu irakurtzeko eta zein irizpidez baliaturik, hortxe dago koska. Liburu aukera baitago gurean.

Jabi Cilleroren "Kofi itsasora bidean" esaterako, Kofi izeneko mutil baten istorioa. Jabi Cillerok –itzultzaile eta idazle bera– Afrikara jo du abentura polit honen pertsonaien bila. Kofik ez du itsasoa ezagutzen, ez du sekula ikusi, eta bere herriko azokara arraina garraio datorren kamioia bat bueltakoan hartu, gidaria ohartzeke noski, eta itsaso aldera joango da. Bidean, halakoetan gertatzen den bezala, nor den erakusteko modua izango du. Horra hor historia sinple eta eder bat, gehiegikeriarik gabe kontatuta. Liburuarekin datozen marrazkiak Elena Odriozolarenak dira. Horiek ere politak.


Kofi itsasora bidean