Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Eguna argitzeko zain

Idazlea: Fabiola Anchorena

Ilustratzailea: Fabiola Anchorena

Itzultzailea: Fernando Rey Escalera

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2022

Orri kopurua: 36

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Azken orrialde bikoitzeko epilogoan autoreak berak azaltzen duen bezala, album ilustratu honetan klima-aldaketaren eta gizakion esku hartze zuzenaren ondorioz, suteak kiskalita akabatzen diren basoen, eta bertan bizi diren animalia eta landareen alde ahotsa goratu nahi duen istorioa kontatzen da.

Basoko animaliak baso ilunean bizi dira, aspalditik ez dute ez egunsentia, ez ilargia ikusi, ez eta euria sentitu ere. Basoaren zokorik gordeenean ezkutatzen omen da eguzkia eta haren bila dabiltza animaliak. Gerturatzen diren heinean, ordea, espero ez duten egunsentiarekin egingo dute topo, kiskali egingo dituen eguzkiarekin. Beldurtuta ihes egiten saiatuko dira, lasaitasuna euri-tanten forman itzultzen den arte. Berriz ere berpiztutako basoan esperantzari eutsiko diote aurrerantzean.

Ilustrazioek testuaren izaera poetikoa indartzen dute. Hondo beltzaren gainean, orrialde bikoitzean, ezkerretik eskuinera aurrera doan, eta gero eta handiagoa den, animalia andana ikus daiteke. Eskuinetik datozkien txinpartek pixkanaka orrialdea zipriztinduko dute, eta ustekabean harrapatuko dituzte animaliak. Klimaxa narrazioaren erdialdean egunsentiak orrialdearen hondoa laranjaz blaitzen duenean gertatzen da, orduan animalien begiradaren norabidea aldatuko da eta zuzenean topo egingo dute irakurlearenarekin, biak ezustean harrapatu ditu. Ezusteak beldurrari lekua egingo dio ihesaldia eraginez. Euri tantek berriro lasaitasuna ekarriko diote narrazioari eta ilustrazioen hondoa zeru urdin bihurtuko da.

Album honek XV. COMPOSTELA SARIA (2022) irabazi du.


Eguna argitzeko zain