Galdakaoko Haur Liburutegian eta Amurrioko Haur Liburutegian egingo dugu aurten EAEko Literatura Aretoen Zirkuitua. Liburutegi bakoitzean hamabina saio eskainiko ditugu gutxienez eta bi areto ezberdin aukeratu ditugu Eusko Jaurlaritzako Kultura Liburutegi Zerbitzuari esker bigarren aldiz gauzatzen dugun Zirkuitu honetarako.
Galdakaon Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda aretoaren 15 saio eskainiko ditugu. Hitzik gabeko albumak ardatz hartua, scape room edo ihes-gela baten jolasteko era eskaintzen die areto honek 8-12 urte bitarteko haurrei. Urriaren 8ra arte izango da aretoa Galdakaoko Haur Liburutegian. Saroa Bikandi ari da haurrak areto hauetan gidatzen.
Amurrion, berriz, Galtzagorri elkartearen literatura areto arrakastatsuenetako bat eskainiko dugu azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitartean. Itsaspeko bihotzak aretoa, hain zuzen. Irakurtzeko zaletasuna eta ohitura sustatzeaz gain, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta. Orotara, 12 saio gidatu eskainiko ditugu bertan. Mireia Delgadok egingo ditu saio hauek.
2025ean abiatu genuen EAEko Literatura Aretoen Zirkuitua, Galtzagorri elkartean Bizkaia eta Arabako liburutegietatik aspaldi jasotzen ari ginen eskaerari erantzun nahian. Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuari esker egin ahal izan dugu bi probintzia hauetan, Gipuzkoan 2017tik egiten dugun Zirkuitua.
Izan ere, Gipuzkoako Aldundiari esker egiten dugu 2017az geroztik urtero “Jolas eginez irakurzaletu” izeneko aretoen zirkuitua Gipuzkoako lau liburutegitan. Zirkuitu horren baitan 2000. Urtetik gaurdaino Galtzagorri elkartean sortu ditugun areto ezberdinen saioak eskaintzen ditugu. Aurtengo Zirkuituaren azken bi aretoak eskainiko ditugu urritik aurrera. Urriaren 26an hasiko dira Hernanin Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztandaren saioak eta egun berean estreinatuko dugu Ońatin Egin dezagun iraultza! “Pippi Kaltzaluze” obran oinarritutako areto berria.
Galtzagorriko aretoak literatura jolasak dira, non haurren nahiz gaztetxoen parte-hartze aktiboa beharrezkoa den. Arte diziplina ezberdinak biltzen dituzte aretoek, hala nola musika, pintura, diseinua, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota animazioa.
Aretoak zer diren hobeto ulertzeko, entzun berriki Arrosa sareko irratietan Intza Alkain azken aretoetako sortze-prozesuan parte hartu duen aktoreak eta Galtzagorriko Izaskun Jauregik izan zuten solasaldia. “Pippi Kaltzaluze” obraren sortze prozesua hartu zuten hizpide.