Galtzagorriren proiektuetako bat Literatura Aretoak dira. Mimo handiz sortutako espazioak dira non literatura jolasteko eta bidaia bat egiteko baliatzen dugun. Haurrei eta gazteei eskaintzen dizkiegun antzerkitik edaten duten agertokiak dira, hainbat arte-diziplina uztartzen dituztenak. Liburuetatik elikatu eta gai zehatz bat hartuta espazio oso bat eraikitzen dugu gero herriz herri eramateko. Hain zuzen, Gipuzkoako aretoen zirkuitua abiatzeko prest dago eta, urria eta azaroa bitartean, gure aretoak zenbait udalerritara eramango ditugu.
Tolosan urriaren 6tik 10era Hizki hazka aretoa jarriko dugu udal liburutegian. Aretoak dinamizatzaile batekin iristen dira eta dinamizatzaile hori da, hain zuzen, haurrak eta gazteak aretoan barna gidatuko dituenak. Hizki hazka aretoaren bihotzean alfabetoa dago. Aretoa 6 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Legazpin urriaren 20tik 27ra egongo da Aliziaren burutazio miresgarriak aretoa. Areto honetan egiten den ibilbide literarioa Carrollen Aliziaren eskutik doa eta 10 eta 11 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dago. Neskatila bat protagonista duen umorez, ironiaz eta jokoz betetako aretoa da.
Aretxabaletan, urriaren 27tik azaroaren 7ra, udal liburutegian jarriko dugu Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda izeneko aretoa. Areto honen zutabea hitzik gabeko albumak dira eta gaztetxoekin batera, jolas giroan, irudi bidezko irakurketak egitea du helburu.
Mutrikura eramango dugu Itsaspeko bihotzak aretoa azaroaren 17tik 21era. Areto honetan literatura, genero berdintasuna eta hezkidetza jorratzen dugu. Saio gidatuak 8-11 eta 12-16 urte bitarteko haurrekin eta gaztetxoekin egiten ditugu.
Zirkuitutik kanpo Hizki hazka aretoa Donostiako Haur Liburutegi Nagusira eramango dugu urriaren 13tik 20ra eta Errenteriako Lekuona fabrikara urriaren 20tik 31ra.
Zirkuitu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren dirulaguntzari esker egiten dugu.