Irakurketa Epizentroak, gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko egitasmo bat

2025-06-19

14 ikastetxetako DBH eta batxilergoko 400 gazte inguruk parte hartu dute 2024-2025 Irakurketa Epizentroak izeneko egitasmoaren barruan Nafarroako 10 liburutegitan antolatu dituzten irakurketa klubetan.

Irakurketa Epizentroak egitasmoa Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareak eta Hezkuntza Departamentuak 2024ko urriaz geroztik elkarlanean antolatzen duten proiektua da.

Egitasmoan parte hartu duten gaztetxoek hiru liburu irakurri, eta haiei buruz eztabaidatzeko eta baloratzeko lana egin dute. Aurten, euskarazko modalitatean, Yolanda Larreategiren Puta gorda, Daniel Hernándezen Mendiko errege-erreginak eta Patxi Zubizarretaren Zerria liburuak izan dituzte hizpide. Hiru lan horien artean aukeratu dute Gazte Eleberri Onenaren Epizentroak Saria.

Ekainaren 13an ospatutako azken galan jakinarazi dituzte modalitate bakoitzeko (euskara eta gaztelera) irabazleak. Ekitaldian bertan izan dira Patxi Zubizarreta eta Yolanda Larreategi idazleak, besteak beste. Zubizarretak euskarazko modalitateko saria irabazi du Zerria lanarengatik, gazteek hala erabakita. Gaztelerazkoan, berriz, Patricia García-Rojok, El verano en que llegaron los lobos lanarengatik.

Zorionak irabazleei! Eta zorionak egitasmoaren sortzaileei eta bultzatzaileei, gazteen irakurzaletasuna sustatzeko bidean egiten duzuen lanagatik!