Izenburua: Zu hor eta ni hemen
Idazlea: Joseba Beramendi, Exprai
Ilustratzailea: Joseba Beramendi, Exprai
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2024
Orri kopurua: 44
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honek gerra garaian bizi diren haurrek pairatzen duten errealitatea du ardatz, Palestinako gatazkan girotuta. Testua eta irudia paraleloan garatzen diren bi narratiba dira, baina elkarrekin uztartzen dira gatazkaren gordintasuna eta haurtzaroaren hauskorra erakusteko.
Haur batek lurrean aurkitutako marrazki baten bidez abiatzen da kontakizuna. Marrazkian ageri den familia ezaguna egiten zaio, eta hura aurkitu nahian herritik herrira dabil, bonbardaketen eta ihesaldiaren erdian, bertako jendeari marrazkia erakutsiz. Irudiek gatazkaren istorioa kontatzen dute: pertsonaiak babeslekuetan, janari-ilaretan edo ihesi ageri dira. Marrazkiaren jabea topatzen duenean, hark familiako kide gehienak galdu dituela adierazten du, marrazkiko irudiak ezabatuz. Hala ere, amaierako orrialdeetan, itxaropenaren keinua ageri da: ama haurdunaren irudia berridatzi egiten da, besoetan haur berri bat duela irudikatuz. Irudiek iluntasunetik argitasunera egiten dute aurrera, eta horrek tonu ilun eta tragikoari amaieran ñabardura baikorra eransten dio.
Testua bigarren pertsonan, errimatua eta galdera-erara idatzita dago, eta irakurleari zuzenean egiten dio interpelazio. Kontraste horren bidez, irakurlea hausnarketara gonbidatzen du, gatazkaren errealitatearekiko sentsibilizazioa piztuz.