Izenburua: Zizare ia-ia hegalaria eta beste ia-ia fabula batzuk
Idazlea: Iñigo Astiz
Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Bilduma: Xaguxar, 253
Orri kopurua: 70
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Zak eta Zek zikoinen hegoalderako bidaia da liburu honen hari nagusia. Bidaian barrena egingo dituzten geldialdiek beste hainbat animalien istorioak ekarriko dituzte gogora: Zapa zapaburuarena, Zoe zorriarena eta Zahid zizarerena. Hirurak dira fabulen modura kontatutako istorio laburrak —animaliak protagonista eta zeharkako irakaspena oinarri—, umorez eta irudimen handiz eraikiak.
Zikoinen narrazio orokorra fabula bakoitzaren sarrera bihurtzen da: Zak gaztearen lehen bidaia da, Zek zaharraren azkena. Bi ikuspegi horien arteko elkarrizketek eta kontrasteek ematen diote tonua narrazioari, eta haien hegaldiaren bidez, beste kontakizunetara igarotzen da irakurlea modu natural batean.
Zapa zapaburua eta bere kideak igel bihurtzear dira, baina aldaketa hori barre eta mespretxuz hartzen dute hasieran; Zoek, zorri txikiak, bere ametsari eusten dio eta lagunen laguntzaz ilargira iritsiko da; Zahid zizareak, berriz, lur azpiko mundutik ateratzea lortuko du, eta hegan egiteko beste modu bat ezagutuko du. Fabula bakoitzak bere erritmoa eta irakurketa-maila eskaintzen ditu, eta guztiak dira umoretsuak, baina aldi berean hausnarketarako aukerak ematen dituztenak.
Liburuaren egitura ataletan banatua dago, eta hasiera eta amaiera poema labur banarekin borobiltzen dira. Ilustrazioek testuaren tonua laguntzen dute, nahiz eta ez diren beharrezkoak istorioa ulertzeko.