Izenburua: Xirimiri. Babes gaitezke zure alboan?
Idazlea: Fernando Pérez Hernando
Ilustratzailea: Fernando Pérez Hernando
Itzultzailea: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Urtea: 2022
Bilduma: Amets egiteko liburuak
Orri kopurua: 36
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honetan zuhaitz batean bizi diren txori-ama eta bere lau txorikumeak ezagutuko ditugu. Adar bakoitzean txori bana bizi da: goiko adarrean Ruth, U letraz soilik kantatzen duena; bere azpiko adarrean, Thor, O bokalaz egiten duena txorrotxio; beherago Lili, I baino esaten ez dakiena, eta azpikoan Rene, E hutsez kantatzen duena.
Halako batean zuhaitz gainean laino bat pausatu, euria hasi eta adarren arteko mugimendua hasiko da. Goiko adarretik hasita txoriak beheraka mugitzen hasiko dira euritik ihesi eta, aldi berean, haien bokalen hizkuntza osatuz. Azkenean amaren albora heldu eta bokal guztiak lortu badituzte ere... haizeak euria ekarri duen hodeia mugitzen duela dirudi...
Elementu eta irudi sinpleez baliaturik, leku berdinetik mugitu gabe, gertuko zein plano zabalak nahasturik, ilustratzaileak euriak txoriengan sortzen duen “arazoa” modu ederrean irudikatzen du. Fondo argiak zuhaitza eta txoriak nabarmentzen ditu, gehitzen doan egitura modu ederrean irudikatuz, goitik behera, banan- banan, txorikume guztiak amaren alboan bildu arte. Bukaera irekiak irakurlearen irudimena zirikatuko du zalantzarik gabe eta berrirakurketa edo jolasa hasteko prest utziko du. Nora joango dira orain txoriak? Eta nola komunikatuko dira oraingoan?
Orrialde bikoitzetan antolaturiko ilustrazioak errimaturiko testu laburrez lagundurik daude. Testua sinplea den arren dibertimendua eskaintzen du bokalen hizkuntza ulertzen goazen heinean.