Izenburua: Utzi bakean!
Idazlea: Hematokritikoa
Ilustratzailea: Santy Gutierrez
Itzultzailea: Aitor Arana
Argitaletxea: Mezulari
Urtea: 2022
Bilduma: Max Burbuila, 1
Orri kopurua: 128
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Umorezko eleberri hau Max Burbuilaren bildumaren lehena da. Bertan, protagonistaren egunerokoa kontatzen da: eskolaz kanpoko jarduerez gainezka ibiltzen da, korrika eta presaka. Azkenerako, gauza bat baino ez du nahi: bakean utz dezatela. Zortzi kapitulutan banatua, zuri-beltzeko ilustrazioak tartekatzen dira kontakizunean zehar.
Eguberritik eskolarako itzuleran hasten da kontakizuna, eta Maxen egoeraren berri ematen du: bere gurasoak bananduta daude eta ahalik eta gehien saiatzen dira Maxez arduratzen eta egoera horretan sor daitezkeen gabeziak estaltzen. Maxen aste arrunt bat azaltzen du liburuak, eta eskolaz kanpoko jarduerez beteta egon ohi da: gitarra, igeriketa, xakea, urtebetetze-ospakizunak… Horrez gain, gurasoek haien jarduerak ere inposatzen dizkiote Maxi: mendira joatea, urtebetetze-festak…
Nabaria da Maxek ez duela denborarik lasai egoteko edota aisia propioa edukitzeko, eta horrek eragina du bere aldartean. Egoeraz nazkatuta, amari bakean eta lasai utz dezaten eskatzen dio, eta amak halaxe egiten du, bere egoera ulertuta.
Ilustrazioak tartekatzen dira, orrialde bakarrera nahiz bi orrialdetara, eta testuaren osagarri dira. Bestelako baliabide estetikoei dagokienez, tipografia nahiz tamaina ezberdinak erabiltzen dira testua nabarmentzeko (elkarrizketak, izen bereziak…), eta orrialdeen goialdean burbuilen ilustrazioak agertzen dira, protagonistak duen ezizenari erreferentzia eginez.
Liburuan agertzen diren hainbat gaiei kritika egiten zaie, bai haurraren ikuspuntutik baita zeharka aipatuta ere: etxeko lanen karga, hainbeste eskolaz kanpoko jarduera edukitzea (une askotan, Maxek gauzak egitera “behartuta” dagoela dio), aiton-amonek haurren zaintzan duten ardura, teknologien presentzia, kontziliazioa, haurren elikadura (azukreak…)…