Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Urte osoko ardura

Ilustratzailea: Leo Lionni

Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2025

Bilduma: Amets egiteko liburuak

Orri kopurua: 32

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Haurrentzako album ilustratu honetan hari narratiboa ardazten duen arbolak bi sagutxo ditu lagun. Bi animalia txiki, unibertsal eta antropomorfiko hauek umeen alter egoak dira. Lionniren istorio gehienetan ohi den bezala, narrazioak, formalki sinplea bada ere, atzean mezu humanista dakar; naturarekiko maitasuna eta ardura, hain zuzen ere. Urteko hilabeteak, urtaroak eta naturaren ziklo aldaketak gaiak ere badira. Tonu pausatua eta didaktikoa du istorio honek.

Narrazioa eszenatoki bakarrean gertatzen da, eta hilabeteak elkarren segidan joaten dira, erritmo lasaian eta linealean. Orrialdez orrialde, urtarrilean hasi eta abenduan bukatu, sagu bikoteak urtearen hasieran elur panpinaren ustezko erratza zenaren zuhaitza ezagutu eta hilabetero bisitatzen dute. Euri garaia, haizea, kimu berriak, loratze eta fruituak jasotzeko garaiak bizi dituzte, baita sute arriskua, hostoak erortzekoa eta soilduta gelditzekoak ere. Zuhaitzak bere bizitzaren ziklo osoa azaldu, bertan parte hartzeko aukera eskainiz eta aldi berean, saguek urte osoan zehar zuhaitza ezagutzen dute eta zaintzeko ardura ere hartzen dute, hiruron arteko hartu-emana sortuz.

Diseinu zainduko liburua da, formatu frantsesean egina, hau da, altuagoa zabalago baino, dimentsioak protagonistarekin bat eginez. Eszena guztiek bi orrialde hartzen dituzte, eta haien ikuspegia aurrez aurrekoa eta finkoa da. Pertsonaiek ere adierazpen bera mantentzen dute, baina denboraren joana agerikoa da gehitzen edo desagertzen doazen xehetasun grafikoei esker.

Pertsonaien irudiak collage teknikarekin egin dira, ehundura ezberdinen paper zatiak antolatuz, eta hondoa, aldiz, koloretako arkatzez eta akuarelez sortuak dira.


Urte osoko ardura