Izenburua: Txirriki-txarraka
Ilustratzailea: Amaia Egidazu Arrube
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2025
Orri kopurua: 32
Adina: 2tik gora
Laburpena:
Tonu umoretsuan idatziriko album ilustratu honetako gaia baldintza-gabeko maitasuna da. Bizitzan zehar gauza materialak galdu ditzakegu baina garrantzitsuena, hau da, gertukoenen maitasuna beti alboan daramagu.
Protagonista ilegorriaren amama gaixotu egin da eta harengana abiatzen da orgatxo batean zenbait objektu sartuta. Amak argi eta garbi esaten dio: “eraman iezazkiozu gauza hauek guztiak lehenbailehen, baina ez itzazu bidean galdu, arren!” eta neskak erantzuten dio: “lasai, ama, nire kontu! Ez dut ezer garrantzitsurik galduko!” eta halaxe abiatzen da, bidean barrena txirriki-txarraka bazter guztietan zerbait galduz. Bere pentsamenduetan murgilduta doa, amama besarkatzeko gogoa besterik ez buruan. Amamaren etxera iristean, orgatxoan zeraman guztia galdu duela konturatzen da; baina, garrantzitsuena aldean darama: amama estu-estu besarkatzeko gogoa! Metatze-ipuin honetako testu errimadunak, musikaltasun handiko istorio jolastia aurkezten digu. Ttipi-ttapa eta txirriki-txarraka onomatopeiak behin eta berriz errepikatzen dira eta istorioan zehar neska ilegorriak galtzen dituen elementuak eta amama deskribatzen duten adjektiboak hizki lodiz nabarmentzen dira. Bestalde, protagonistaren barne pentsamenduak komatxoen artean eman dira. Ilustrazioak collage teknika erabiliz osatu dira, ingeradarik gabeko kolore masetan tonu gris, more eta gorrixkak gailentzen dira. Orrialde bikoitzetako ilustrazioetan ibilbidea ikusten dugu eta zenbaitetan protagonistak zuzenean begiratzen digu, bere barne pentsamendua gurekin partekatuz.
Imanol Merceroren kritika Berrian
Xabier Etxanizen kritika Argian