Izenburua: Suzko txoria
Ilustratzailea: Mariana Ruiz Johnson
Itzultzailea: Aroa Uharte Zubillaga
Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial
Urtea: 2025
Bilduma: Cosmic bilduma, 3
Orri kopurua: 48
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Euskal Herrian Barandiaran eta antzeko ikertzaileak bezala, eslaviar ahozko tradizioko ipuinak bildu eta argitaratu zituen folklorista izan zen Afanasiev. Suzko txoria narrazio laburra da, sinplea baina sinboloz betea, ipuin fantastikoen egitura klasikoa duena. Bertsio honetan komiki formatua eman zaio.
Mota honetako kontakizunetan bizitzarako ikasgaiak islatzen dira eta horregatik gai nagusia norberaren hazkundea da.
Tsarrak bere lorategian urrezko sagarrak lapurtzen dizkion suzko txori misteriotsua harrapatzera bidaltzen ditu bere hiru semeak. Gazteenak, ausarta eta zintzoa delarik, luma bakarra lortu ondoren, txoriaren bila bide luzeari ekiten dio. Hegazti berezi hau aurkitzeko ibilaldian, proba eta oztopo askori aurre egiten die.
Bidean laguntzaile magikoa aurkitzen du, otsoa, eta hainbat proba gainditu behar ditu: suzko txoria harrapatu, zaldi berezi bat lortu edo printzesa bat askatu. Anaiek, ordea, traizio egiten diote. Hil ere egiten dute, gero aitari gezurra esanez.
Azkenean, otsoak lagundurik, seme gazteenak bere balioa frogatzen du, traizioa gainditzen du, eta zoriontasuna lortzen du sari gisa. Printzesarekin ezkontzen da, eta honek gertatutako guztia kontatzen dio aitari, zeinak, haserre, zigortu egiten baititu beste bi anaiak.
Testuak eta ilustrazioek bat egiten dute. Hau hautu estetiko eta narratibo kontzientea da. Hizkuntza zaindua eta sinboloz betea erabiltzen da, gauza asko ez dira esplizituak. Testuak binetetan integratuta daude, baita irudiaren kolorean ere. Ilustrazioetan, errealismoa baino gehiago, adierazkortasuna bilatzen da. Eszenak perspektibarik gabekoak dira eta irudi lauak eta sinplifikatuak dituzte, kolore sendo eta bizietan, hau da, antzinako marrazkien itxura errepikatzen du, oso bere erara bada ere. Kontraste handiko eszenak daude. Konposizio dinamikoa eta xehetasun asko, batez ere natura elementuetan. Aipatu azkenik, orrialdeen marjinak ez direla zuriak, baizik eta kolore ezberdinetako filigranak erabili dira bertan, kultura eslaviar estilokoak, eta eragin estetikoa indartzen dute.