Izenburua: Su txikian
Ilustratzailea: Irati Eguren Arruti
Argitaletxea: 1545
Urtea: 2025
Orri kopurua: 44
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honetan narrazio bat garatzen bada ere, galdera asko ageri dira, askotan ipuinean bertan erantzuten ez direnak.
Udane aitona Martinen baserrira joan da egun-pasa amarekin. Han basoari begira, arrautzak biltzen… baserriari lotutako kontutan-eta aritu dira hizketan. Udanek jakin-min handia eta pazientzia txikia ditu, eta galderaz josten du aitona. Noiz hazten dira zuhaitzak? Nora joaten da denbora? Norenak dira basoak? Aitonak, bere erantzun erdiekin, pentsarazi egiten dio eta erakusten dio nola, naturan, dena mantso hazten den eta ezer ez den inorena.
Ilustrazioak testuarekin bat datoz. Gehienetan, orrialde zuri batean testua dago eta ondokoan irudia, baina badira testurik ez duten irudiak ere, bi orrialde oso hartzen dituztenak. Orrialde batzuetan irudiak soilik ageri dira eta, amaieran, zabaltzen den ilustrazio handi-handi bat ere badauka. Irudiak ikonikoak dira. Teknika mistoa erabili da, collagea ordenagailu bidezko irudi sinple-sinple batzuekin lagunduta. Kolore oso ilunak eta oso biziak elkartzen dira irudietan. Gehienez ere lauzpabost kolore nahasten dira eta testura moduko bat daukate.
Imanol Merceroren kritika Berrian