Izenburua: Sorginkeriak
Idazlea: Izaro Arroita
Ilustratzailea: Josevisky
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Bilduma: Lina Plastilina; 2
Orri kopurua: 88
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Lina Plastilina bildumako bigarren liburu honek, laborategi istripu baten ondorioz plastilinazko gorputza nahieran darabilen neskaren pasarte gehiago kontatzen dizkigu. Elementu fantastikoak dituen eleberria da, istorio desberdinetan banatua, abentura anitzak bizitzen baititu. Sorginkeria liburuak lehen alean utzitako lekuan berreskuratzen du Lina Plastilina: liburu baten barruan. Bertan bizi da bere forma malguari esker.
Bi abentura nagusi biziko ditu oraingoan: bata bere bizilekua den liburutegiko liburuzain eta beste liburu batzuen barruko pertsonaiekin, eta bestea bere lagun minarekin, Lehorreta herri hustuan.
Zaldun astunak, alokairu altuegiak eskatzen dituzten etxejabeak, tabernari zakarrak eta aitzinako momiak izango dira abentura hauen gatazka sortzaile eta abiarazle. Amaieran, Lina bere liburura bueltatuko da eta azken orriko ilustrazio eta bunbuiloak irakurleari gonbita egiten dio hurrengo liburuan ere abentura berrietan jarraitu diezaion.
Ilustrazioak komikiak sarri ohi duen estilo ikonikoa darabil. Trazuak indarra du eta marra ugari eta diagonalak darabiltza sarri ekintzari dinamismoa emateko. Txuri beltzeko irudiak eta kolore pastelekin egindakoak tartekatzen dira, orri osokoak batzuk eta testuaren gorputzean txertatuak besteak. Azala, babesorriak... edizio landuan eginak daude gainazal distiratsuetan.