Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Saguaren bidaia ibaian behera

Idazlea: William Snow

Ilustratzailea: Alice Melvin

Itzultzailea: Amets Santxez Munain

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2024

Orri kopurua: 34

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Goizaldeko lehen argiarekin Sagua basotik abiatu da, eta ibaian behera arraunean hurrengo goizean ibai ahoraino ailegatuko da han bere adiskide maitearekin elkartzeko. Irakurleok berarekin batera egiten dugu bidaia orriz orri. Lehen orrialdean saguak basotik abiatu eta ibaian zehar itsasora iritsi arte egingo duen ibilbidearen mapa dago. Orrialde bikoitz bakoitzean bidaiako geldiune bat irudikatu dute autoreek:  zuhaitz tunela, ibaiertzeko etxetxoa, zubia, ur gaineko etxea, esklusa, herriko kafetegia eta dendak, itsasontziko etxea, zuhaitzetako etxea, uharteko kanpalekua, gaueko atsedena hartzeko eta azkenik lekazkidiak zeharkatuta hondartzako etxola.

Pasarte bakoitza lau lerroko bertsotan antolatuta dago, 10/8 silaba lerroko, bigarren eta laugarren lerroak errimatuz. Saguak lehen pertsonan hitz egiten dio zuzenean irakurleari eta bidean topatzen dituenak deskribatzen ditu.

Koloretako arkatzez egindako ilustrazioek xehetasunez betetzen dute kontakizuna testuak diona aberastuz. Testuak ilustrazioa osatzen duela eta ez alderantziz esan genezake. Aldioro irekitzen diren hegoak daude, Saguak bidean topatzen dituen etxetxo, denda, kafetegi eta abarretan sartu eta  ilustrazioetan deskribatzen diren egoerei begira nahi adina denbora pasatzeko.

Bidea amaitutakoan hasierako mapara itzuli ahal izango da, bizitakoa buruan antolatu nahi duenak. Edo naturaz gehiago ikasteko grina duenak, azken bi orrialdeetako azalpenak irakurri ahal izango ditu, non ibaiertzeko landareriaren eta animalien informazio zehatzagoa jasotzeko aukera izango duen. Azken orrialdean saguak bidaiarako eramandako gauzen glosarioa ere badago.


Prentsako aipamenak:

 


Saguaren bidaia ibaian behera