Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Rosa Valverde eta kutxak. Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?

Idazlea: Maialen Lujanbio Zugasti

Ilustratzailea: Arrate Rodriguez Martin

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 2023

Bilduma: Bagara saila

Orri kopurua: 40

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Euskal emakume artisten ezagutza zabaltzera bideratutako Bagara sailaren hirugarren album ilustratu honek Rosa Valverde artista ezagutzera eman nahi du (Esther Ferrer eta Mari Paz Jiménez izan ziren aurreko biak) eta, aldi berean, irakurleari bere artelan propioa egiteko proposamena helarazten diote.

Rosa Valverderen margolanak eta batez ere berak kutxen bidez sortutako artelanak dira gai nagusia.

Testua alaia eta zuzena dela esango nuke; irakurlea galdera eta hausnarketen bidez interpelatzen duena. Tonu jolastia du proposamenak, objektu desberdinak konbinatuz, jolastuz, kaxak sortzea.

Liburuaren lehen erdian ezkerreko eta eskuineko orrialdeak bereizita daude, bi kontakizun ezberdin balira bezala. Ezkerreko aldean, kolore arrosako fondoarekin, objektu ezberdinak azaltzen zaizkigu eta hauen inguruko deskribapena egiten da. Eskuineko aldean berriz, fondo zuriaren gainean, egurrezko kutxa bat egiteko jarraibideak ematen dira. Liburuaren erdialdera, eskuineko aldean kutxa osatzen da eta bi orrialdeen arteko elkarrekintza agerikoa egiten da. Jarraian datozen orrialdeetan artelan-kutxa osatzen jarduten du narrazioak. Pausoz pauso eta orriz orri, azkenerako Rosa Valverderen omenez Lujanbiok eta Rodriguezek osatu duten kutxa-erretratu bat agertzen den arte.


Rosa Valverde eta kutxak. Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?