Izenburua: Pellokeriak
Idazlea: Ruben Ruiz Perez
Ilustratzailea: Joseba Beramendi, Exprai
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Bilduma: Xaguxar, 254
Orri kopurua: 56
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Pello izeneko mutikoaren ateraldiak biltzen dituen ipuin laburren bilduma da. Orotara hogeita bat ipuin eta hamalau ilustrazio aurkituko ditugu. Ilustrazioek, gehienetan kontakizunaren amaieran kokatuak, testuak diona irudikatzen dute, orrialde osoa edo erdia hartuz, eta testuaren tonu umoretsuarekin bat egiten dute. Nahiz eta informazio gehigarririk ez eskaini, irakurketa atseginago egiten dute, batez ere liburu formatura gerturatzen hasi berriak diren irakurleentzat.
Kontakizunetan zehar hainbat gai jorratzen dira eskola, familia, bullying-a, zahartzaroa, eta guztiei lotura ematen die pertsonaia talde beraren inguruan sortu izana (Pello protagonista, haren aitona, gurasoak eta lagunak, andereņo Marina). Oro har, tonu arin eta umoretsua da nagusi. Irakurketa autonomoa errazten duen formula erabili du autoreak: orrialde eta erdiko pasarte laburrak dira, modu autonomoan irakurtzeko aproposak. Horrek ez dio, ordea, kalitaterik kentzen: hizkuntza aberatsa darabil, zenbait ateraldietan ahozkotasunera gerturatuz eta kontakizunari freskotasuna eta arintasuna emanez.
Egileak lan honengatik 2024ko Mikel Zarate saria jaso du.