Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Patti eta inurriak

Idazlea: Anouk Ricard

Ilustratzailea: Anouk Ricard

Itzultzailea: Bego Montorio

Argitaletxea: Astiberri

Urtea: 2021

Bilduma: Txikiberri

Orri kopurua: 48

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Abentura komikia da, misteriozko tonua duena, eta erritmo bizia. Pattiri errieta egin diote irakasleak eta gurasoek, nota txarrak ateratzeagatik. Logelara nahigabetuta joan da, Internetera konektatu da eta, bat-batean, zerbait txundigarria gertatu zaio: bere etxeko lorategian agertu da eta inurri bat bezain txikia da. Hortik aurrera, intsektu batzuk lagun dituela eta bestetzuk etsai, mundua menderatzeko konspirazio batean murgildurik aurkituko da.

Ilustrazioak bereziak dira. Sinpleak. Aspaldikoak ematen dute. Bai irudiengatik eta baita erabiltzen diren koloreengatik ere. Kolorearen erabilera berezia da. Kolore indartsuak erabiltzen ditu, ez dira batere kolore gozoak. Agertoki bakoitzean kolore edo tonalitate bat nabarmentzen da. Asko jolasten du marrazkilariak koloreekin.

Komikiaren kodeari dagokionez ere gauza bera esan daiteke. Binetak erregularrak dira, aldatzen den bakarra tamaina da. Ez dago narratzailerik.

Pertsonaiek pentsatu edo esaten dutenaren bidez jasotzen dugu gertatutakoa. Pertsonaiak zomorroak dira, Patti izan ezik. Inurriak, makila-intsektua, arkakusoak, kakalardoak,... Gizakiak bailiran jokatzen dutenak eta zentzugabeko egoera barregarriak sortzen dituztenak. Elkarrizketak letra lotuan ematen dira, eta txartel zein oharrak letra larrian.


Patti eta inurriak