Izenburua: Patata eta tomatea, tripontzi parea!
Idazlea: Irati Garmendia
Ilustratzailea: Ane Arzelus
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2022
Orri kopurua: 44
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honen gaia baratzeko barazkiak dira. Patata eta tomatea elkarren ondoan ereitea komeni ez dela azaltzeko, etsai gisa irudikatzen dira kontakizunean, eta haien arteko norgehiagoka kontatzen da. Testu errimatuarekin eta bikoiztuta (letra larria eta etzanarekin), tonu alaia darabil. Ilustrazioa ikonikoa eta collage estilokoa da, ordenagailu bidezkoa eta kolore primarioak nagusitzen dira.
Kontakizunaren abiapuntua da baserritar batek, beste batek hala ez egitea gomendatu arren, patata eta tomatea bata bestearen ondoan landatzen dituela. Une horretan hasten da bien arteko borroka, tomateak ura osten baitio patatari, eta patatak, berriz, ongarria. Elkarri zirikatzen hasten dira, eta haien arteko tentsioa handitzen eta handitzen da, haserretu arte. Une gorenean, baserritarrak uzta jasotzen du eta entsaladan elkarrekin primeran geratzen direla amaitzen da kontakizuna.
Testua errimaz baliatzen da kontakizunari erritmoa emateko, umorea ematen dio, batez ere elkarri zirikatzen ari direnean. Hitzen errepikapena ere erabiltzen da (Lau, lau, lau, ez utzi ni barau etab.). Horrez gain, testua bikoiztuta dago, larriz zein etzanaz, irakurtzen hasten ari diren haurrentzako aproposa. Ilustrazioarekin batera doa testua, bi orrialdetara, eta 2-3 lerro ingurukoa izan ohi da.
Ilustrazioari dagokionez kolore primarioak (horia eta gorria bereziki, patata eta tomatea) nagusitzen dira, berdearekin uztartuta. Ordenagailu bidez egindako ilustrazioa da, eta collage antzeko akabera du. Barazkiak ezaugarri antropomorfoak dituzte (eskuak, zapatak eta aurpegia) eta haien espresioa oso adierazkorra da. Plano orokorrak nahiz lehen planoak nahasten dira, kontakizunaren erritmoaren mesedetan.
Albumaren amaieran, bi gehigarri daude. Batetik, elkarren ondoan zein barazki landa daitezkeen eta zein ez azaltzen duen taula bat dago, baratze baten bidez irudikatuta. Bestetik, kontakizunean zehar agertu den harrak irakurleari erronka egiten dio, albuma berriro irakurri eta hura aurki dezan.