Izenburua: Oiloa ohean
Idazlea: Katrina Charman
Ilustratzailea: Guilherme Karsten
Itzultzailea: Amets Santxez Munain
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2024
Orri kopurua: 34
Adina: 2tik gora
Laburpena:
Lotarako momentu kaotiko eta dibertigarria irudikatzen duen jolasteko eta ikasteko albuma: irakurleak hamarretik batera zenbatuko du, hamar animalien izenak eta haien soinuen onomatopeiak ikasten dituen bitartean.
Lehoia, behia, katua, ardia, txakurra, nagia, hartza, ahatea eta sugea jada hortzak gabitu eta ohean daude goxo-goxo, oilo pikartak ipurdia mugitzeko eta tokia egiteko eskatzen dienean. Horrela, denak mugitu eta banan-banan ohetik zalapartatsu erortzen dira eta logela nahaspilatzen dute, ohean oiloa bakarrik geratzen den arte. Ohera itzultzeko eskatzen die, denak berriz ere ziztu bizian itzultzen dira eta goxo-goxo, pega-pega eginda lokartzen dira.
Erlaitz mailakatuen formatua du albumak. Formatu honek ezkerrean orrialde osoa du eta eskuinetara estuagoak diren orrialdeak, pixkanaka handituz doazenak.
Testuaren egitura errepikakorra da. Erlaitz bakoitza pasatzean, narratiba osatzen duen elementu bisual eta testual berri bat aurkitzen dugu: ezkerraldean animalia bakoitza ohetik nola erortzen den eta onomatopeia bidez egiten duen zalaparta, eskuinaldean atzerakako kontaketa eta etengabe errepikatzen den oiloaren agindua.
Baliabide honek jolas interaktiboa ahalbideratzen du, aurrea hartzea, errepikatzea eta ukimenezko eta ikusizko esperientzia izatea errazten duelako.
Kolore biziko ilustrazio espresiboek umore tonua eransten diote narrazioari eta testuan azaltzen ez diren animalien emozioak eta haien arteko hartu-emanen eszenak irudikatzen dituzte narrazioa aberastuz.