Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Oharra

Idazlea: Pilar Serrano

Ilustratzailea: Daniel Montero

Itzultzailea: Jone Irazu Garikano

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2022

Orri kopurua: 40

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Liburu zabalgarri honek auzo batetik garamatza etenik gabeko irudietatik. Orririk orri, ohar hori batek egiten duen bidea jarraituz auzokide askoren aurkezpena egiten zaigu ohar misteriotsuan zer jartzen duen bukaera arte ez dakigularik. Gainera, liburua erabat zabaltzen da eta barruko aldean, pertsonaia guztien aurkezpena egiten zaigu beraien irudia eta biografia txiki zelebre bat kontatuz.

Istorioa sinplea bada, bereziki aipagarria da liburuaren formatua. Kasu honetan, liburua biltzen duen gainazalean izenburua, egileen izen-abizenak eta argitaletxea topatuko ditugu. Bigarren irakurketa batean ilustrazioek bestelako informazio bat ere ematen digutela ikusiko dugu, 2 zenbaki, hasierako 0a, istorioaren abiapuntua eta 20a, orrialdeen kopurua. Beraz, liburua ireki baino lehen, ohikoa ez den formatu eta liburu batekin arituko dela jakinarazten zaio irakurleari.

Akordeoi moduan osaturik, orrialdeak banan banan pasatu edota pixkanaka irekitzen joateko aukera emango digu. Formatu horizontalak espazioan aurrera egitearen sentsazioa azpimarratzen du eta egitura zirkularrak etengabean berrirakurtzeko gonbita egiten du.

Atzealdean auzo honetan ikusiko ditugun pertsonaia guztiak aurkezten zaizkigu, informazio gehigarriarekin: lanbidea, gustuak, ohiturak... Guztiz irekitzean tamaina handia hartzen du liburuak -erabiltzeko baldar gerta daiteke-, eta hori kontutan hartzeko ezaugarria da, irakurleek agian laguntza beharko dutelako.

Istorio nagusia oharrak egiten duen ibilbidearekin osatzen den arren, beste hainbat istorio xumeago aurkituko ditugu, guztiak ilustrazio bitartez kontaturik. Sagutxoa, txoriak edo katua jarrai ditzakegu, aitonak zer egiten duen ikusi... eta beste hainbat kontu pertsonai ezberdinei jarraituz.


Oharra