Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Nirekin jolastu nahi duzu?

Idazlea: Eric Carle

Ilustratzailea: Eric Carle

Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2024

Bilduma: Amets egiteko liburuak

Orri kopurua: 32

Adina: 2tik gora


Laburpena:

Eric Carleren album ilustratu hau adiskidetasunaren bilaketari buruzko istorio sinple eta eraginkorra da, haur txikientzat pentsatua. Protagonista, xagu txiki bat, lagun baten bila abiatzen da eta bidean hainbat animalia ezagutzen ditu, banan-banan Nirekin jolastu nahi duzu? galdetzen die, baina animalia guztiek ezetza ematen diote…

Albumaren egitura errepikakorra da: orrialde bakoitzean xaguak animalia baten isatsa ikusten du eta hurrengo orrialdean animalia osoa agertzen da, xaguaren galderari erantzunez, orrialdea pasatzea jolas bihurtuz. Ilustrazioek, Eric Carleren collage teknika bereizgarriarekin egindakoak, kolore biziak eta testura aberatsak eskaintzen dituzte, eta atzealde zuriak animalien irudiak nabarmentzen laguntzen du. Formatoa tamainaz ez da oso handia, ertzak biribilduak eta orriak plastifikatuak ditu eta manipulazioa errazten du. 

Istorioaren amaieran, xaguak beste xagu baten isats txiki eta gris batekin egiten du topo. Oraingoan, Nirekin jolastu nahi duzu?  galderari baietz erantzuten dio besteak, eta bi xaguak elkarrekin jolasten hasten dira. Aldi berean, liburu osoan zehar behealdean luzatzen den marra berdea kiribiltzen hasten da azken orrialdeetan, eta irakurleak ustekabean deskubritzen du marra hori suge berde bat dela. Azken une horretan, xagutxoa bere espezieko beste xagutxo batek salbatzen du harrapakariaren atzaparretatik, eta horrela amaitzen da sorpresa eta tentsio ukitu batekin osatutako istorioa.


Prentsako aipamenak:

 


Nirekin jolastu nahi duzu?