Izenburua: Ninja traketsa
Idazlea: José Carlos Andrés
Ilustratzailea: Myriam Cameros Sierra
Itzultzailea: Maialen Mujika
Argitaletxea: Nubeocho
Urtea: 2024
Bilduma: Somos8
Orri kopurua: 44
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honetan, harremanetarako beldurra da gai nagusia, eta haur batek egoera horri aurre egiteko egiten duen bidea kontatzen da. Protagonista mutiko bat da, ninjaz jantzita doana eskolara; azkarra, isila eta ikusiezina izateaz gain, bere burua ausart eta trebe ikusten du. Hala ere, beldur bat du: jolasgaraietan, Martina izeneko neska bat agurtzea eta berarengana hurbiltzea kostatzen zaio. Egun batean, ninja jantzia zikina daukanez, ezin du jantzi eta Pablo bihurtzen da berriz. Jolasgarai horretan, berriz, Martina bera hurbiltzen zaio eta harekin jolasteko gonbita luzatzen dio.
Albumaren egitura sekuentzialean, lehen zatian ninjaren jarduerak agertzen dira, baina trakets jokatzen duenean min hartzen du eta aitaren babesa bilatzen du. Ondoren, beldurraren jatorria agertzen da, eta etxean bizi duen frustrazioa ere jasotzen da. Azken zatian, harremana burutzen da eta bi haurren arteko adiskidetasuna irudikatzen da.
Testua esaldi labur eta sinplez osatuta dago, eta hainbat hitz nabarmenduta ageri dira. Letra-tamainen aldaketak eta onomatopeiak ere erabiltzen dira. Ilustrazioek kolore biziak dituzte, marrazki sinpleak eta espresibotasuna uztartuz. Pertsonaietan eta eszenetan haur ikuspegia nabarmentzen da, eta aniztasun kulturala eta kidetasuna ere islatzen dira.