Izenburua: Neguko oparia
Idazlea: Concha Pasamar
Ilustratzailea: Concha Pasamar
Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun
Argitaletxea: Bookolia
Urtea: 2024
Orri kopurua: 36
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album honek egunerokoaren poesia xumea dakar, ohiko egun gris batean elurra berriz ikusteko nahia pizten zaion ume protagonistaren bidez. Etxera bueltan, zeruan zerbait berezia sumatzen du, elurraren etorrera, eta sentsazio horrekin sartzen da ohean.
Hurrengo goizean, emozioz betetako esnatzea dator: ohetik jauzi egin, etxekoak esnatu eta kalera atera. Elurraren mantu zuriak ingurua estali du, eta eguneroko paisaia magia apur batez jantzi.
Egileak aurretik Udazken denbora lanean bezala, urtaro batean barrena egindako ibilbide samurra proposatzen du, oraingoan negua ardatz hartuta. Protagonista txikiaren eskutik, orrialde bikoitz bakoitzean, neguak dakartzan giroa, sentsazioak eta emozioak arakatzeko aukera eskaintzen zaio irakurleari.
Concha Pasamarrek testu liriko batekin josten du kontakizuna, eta ilustrazio goxo eta argitsuek giroa eta emozioa islatzen dute. Tonu malenkoniatsua darabil, eta irakurlea haurtzaroko oroitzapenetan murgilarazteko gaitasuna du.
Album honek gure egunerokoan edertasuna eta magia bilatzeko tartea badela iradokitzen du, baita elur pusketa baten zain gaudenean ere.