Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Mendiez haraindiko printzesa

Ilustratzailea: Francesc Rovira

Itzultzailea: Maialen Mujika

Argitaletxea: Nubeocho

Urtea: 2025

Bilduma: Egalité

Orri kopurua: 40

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Ohiko printzesen estereotipoa hautsi eta bestelako printzesa eredu aske bat erakusten saiatzen den albuma da, salbatzera etorriko diren printzeak pikutara bidali eta bere bidea egiten duen printzesa bat protagonista duena. Tonua hezitzailea eta umoretsua dela esan daiteke.

Errege atsekabeturik dago Dragoi Handiak printzesa bahitu duelako eta bera salbatuko duen printzearentzat gazteluko altxorra eskaintzen du.

Lehenbizi, zaldun urdina abiatzen da Dragoi Handiaren gaztelura, baina ailegatzerakoan printzesak  karate-giltza batez mendiz haraindi bidaltzen du hegan. Hurrengoa, Zaldu Horia da eta hau ere, karate-giltza batez mendiz haraindi bidaliko du gure protagonistak. Jarraian, Zaldun Gorriaren txanda iristen da, eta honek ere erantzun berdina jasotzen du. Azkenik, Zaldun Berdea heltzen da. Hau liluratuta geratzen da printzesa eraikitzen ari den makina hegalaria ikustean, eta berarekin abiatzen da abentura bila, ongi ulertu baitu printzesak ez duela salbatzailerik behar. Bidaian inork salbatzerik behar ez duten beste printzesa batzuekin topo egin eta mendiez haraindi abiatuko dira guztiak.

Kolore urdinak, berdeak eta horiak dira nagusi orrialde bikoitzak betetzen dituzten ilustrazioetan. Umorea eta samurtasuna iradokitzen duten pertsonaiak irudikatu dira, modu batera ezen, euren keinuen eta mugimenduen bidez, kontakizunari emozioa eta erritmoa eransten baitiote.

Irudien irakurketa printzesaren izaera nolakoa den ulertzeko ezinbestekoa bilakatzen da. Testuak ez dioen guztia ilustrazioetan ikusiko dugu: printzesa ez ohiko gaztelu batean bizi dela dragoi erraldoi batekin, ohiko soinekorik ez duela janzten eta dragoi gainean dabilela hara eta hona... eta ingeniari bikaina dela.

Liburu honek “Narrating equality” haur literatura lehiaketaren IX edizioa irabazi du. Woman to be elkarte italiarrak sortutako sari honek estereotipo sexistarik gabeko identitate libreekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen dituen literatura zabaltzen du.


Mendiez haraindiko printzesa