Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Memet

Idazlea: Isabella Cieli

Ilustratzailea: Noemi Marsily

Itzultzailea: Uxoa Iņurrieta

Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial

Urtea: 2022

Orri kopurua: 104

Adina: 10tik gora


Laburpena:

MEMET komiki-album errealista da. Ez ohiko komikia, albumaren kode batzuk ere baititu, hala nola orrialde osoko ilustrazioak, eta gelaxken zein orrialdearen antolaketa berezia. Tonu goxoaz, egunerokotasunean kokatzen den kontakizun errealista eta sinple baten bitartez, harremanen mundua jorratzen da: Lucy eta bera ahizparen artekoa, Roman eta honen amaren artekoa, haurren artekoa, kanpineko erabiltzaileena... Eta liburuari izenburua ematen dion txakur ez biziduna, Memet, istorio osoa zeharkatzen duen haria. Aldi berean, pertsonaiek erakutsi edo iradokitzen dutenaren bitartez beste hainbat gai ere agertuko zaizkigu: gaixotasuna, bakardadea, laguntasuna, elkar ulertzea, enpatia.... Beti haurren protagonismoa eta begirada zentroan izanik. Testu arras guti du eta narrazio kasik osoa irudiek dakarte.

Lucy eta bere ahizpa kanpin batetara heltzen dira egun batzuk pasatzera. Bertan Lucy txikiak beste haur batzuk ezagutuko ditu, eta hasiera batean elkar ulertu ezinean ibili arren, euren modura harreman labur bezain berezia egiten dute.

Oso testu gutxi du komikiak, onomatopeia ugari eta, kanpin batean ohikoa den moduan, hizkuntza ezberdinak entzuteko aukera eskainiko dizkigu. Hauek literalki ulertu ez arren irudiaren bitartez nahiko errez interpreta ditzake irakurleak. Testu gutxi ez da sinpletasunaren sinonimo, eta hauxe da adibide garbia.

Estetikoki oso lan ederra da, azaletik hasita, abenturan murgiltzera gonbidatzen gaituen kanpin denda barruko perspektiba originaletik, orriz orri topatuko ditugun ehunka irudi txiki zein handietara. Arkatzez erabat definitu gabeko siluetak eginez eta kolore argiez koloreztaturik, lanak tonu goxo eta errealista lortzen du, irakurlea kanpineko giroan murgilduz.

Formari dagokionez, bineta irekien erabilera nagusiak, askatasuna eta arintasuna eskaintzen du. Udako opor egun eguzkitsuetako sentsazioa transmititzea lortzen du liburuak.


Memet