Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Maurizia. Biziminaren hotsa

Ilustratzailea: Garluk

Argitaletxea: Euskal Herriko Ikastolen Elkartea

Urtea: 2025

Bilduma: Perzebal, 50

Orri kopurua: 73

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Komiki biografiko honek Maurizia Aldeiturriaga panderojole ezagunaren bizitzako hainbat pasarte kontatzen dizkigu. Irudia da kontaketaren baliabiderik nagusiena, testuak osatu egiten duelarik irakurleari bisualki ematen zaion informazioa. Horrez gain, narratzailearen funtzioa esan dezagun abesti eta bertsoek ordezkatzen dutela, horretarako tipografia berezitu bat baliatzen delarik. Musika irudikatzeko teknika ezberdinek izaera berezia ematen diote lan honi. Soinu txikiaren soinua hodei gisakoekin irudikatzen den bezala, panderoaren soinua txintxinekin edo txanpon estiloko borobiltxoekin irudikatzen da, irakurlea koplak irudi bidez entzutera iristen delarik.

Gai ezberdinak ukitu nahi izan dituzte egileek, hala nola, gerra zibila, baserriari lotutako bizimodua,  Maurizia eta Benantzioren arteko harremana eta beraien musikari bizitza, eta amaieran senarra galdu osteko dolua eta panderoaren laguntzaz bizitzari eusteko ekimena. Maurizia nortasun handiko emakume bezala agertzen da eta Euskal Herrian ikono bilakatu den pertsonaiaren hainbat anekdota jasotzen ditu biografia ilustratu honek. Istorioaren kontaketa ez da lineala: atzera eta aurrera egiten du etengabe, eta pasarte ezberdinen adabakiekin Maurizia bizi izan zeneko testuingurua josiz doa irakurlea. Mauriziari gaztetan lurrera erortzen zaion panderoaren txintxina sinbolo afektibo garrantzitsu bat da kontaketan zehar, eta azken binetan iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia irudikatzen du. Izan ere, Aiora Renteria abeslaria izan daitekeen gazte batek lurrean aurkitzen du, “izan zirelako gara eta garelako izango dira” grabatuta duelarik. Garbiñe Ubedak eta Garlukek, itxiera horrekin borobiltzen dute istorioa, eta Mauriziaren ondarea euskal musikaren katera lotzen dute.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika Berrian

Xabier Etxanizen kritika Argian


Maurizia. Biziminaren hotsa