Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Makilakixki maisua

Idazlea: Ricardo Alcántara

Ilustratzailea: Montse Tobella

Itzultzailea: Patxi Zubizarreta

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2022

Bilduma: Paper Txoriak, sail gorria

Orri kopurua: 32

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Ipuin ilustratu honetan talde lanaren indarra goraipatzen da, tonu baikorrean.

Negua joan da; baina oraindik guztiak zuri-zuri jarraitzen du. Isiltasuna eta hotza dira nagusi. Zuhaitzak oraindik lo daude eta, hauek esnatzen ez diren bitartean, ezin udaberriari ongi etorria eman. Egoera honetan Makilakixki maisuak burutazio bat izango du: “Musika sortuko dugu, bizi-bizi eta baietz zuhaitzak dantzan hasi!” Eta horrela, banan-banan bere ikasleak, denak ere oso saiatuak, musika jotzen hasiko dira. Baina alferrik, zuhaitzak isil-isilik jarraitzen dute, harria baino geldiago. Laugarrengo saiakeran, Luzia sagutxoaren proposamenak arazoari irtenbidea emango dio: Zergatik ez duzue denok batera jotzen?Ikasle guztiak biribilean jarriz, Makilakixki maisuak bat, bi eta hiru! esatearekin batera, zuhaitzak nagiak ateraz esnatu egingo dira. Eguzkia kukuka agertuko da, loreak eta animaliak etorriko dira… emaitzarekin pozik, Makilakixki maisuak orkestra bat sortzeko burutazioa izango du.

Irudirik gabe istorioa jarraitu badaiteke ere, irudiek teknika eta estetika ematen diote. Testua eta irudiak, ezker-eskuin agertzen dira. Konposizio bakoitzean pertsonaiak espazio sinple batean agertzen dira, testuinguru erreal batean kokatu gabe. Elementu gutxirekin neguko giro hotz eta isila ongi islatzen du, fondo urdina eta elurtutako agertoki batean elementu errealak sartuz: zuhaitz adarrak, igeltsuz eginiko pertsonaiak, kotoia… Orokorrean forma borobilak dira eta kolore primarioz margotuak.


Makilakixki maisua