Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Luma kantaria

Idazlea: Joseba Sarrionandia

Ilustratzailea: Idoia Beratarbide Arrieta

Argitaletxea: 1545

Urtea: 2025

Orri kopurua: 34

Adina: 12tik gora


Laburpena:

"Luma kantaria" Joseba Sarrionandiaren narrazio lirikoa da, hizkuntza poetikoaren eta gogoeta filosofikoaren arteko uztarketa eskaintzen duena. Egilearen barne mundua, sentimenduak eta gogoetak adierazten ditu. Erritmo pausatua du, irudi poetikoak eta sinbolismoa.

Askatasuna eta identitatea dira poemaren ardatz nagusiak. Lumaren irudia metafora gisa erabiltzen da: kantariaren tresna da, baina baita nortasunarenaren sinbolo ere.

Irudi nagusia luma da, sinbolo polisemiko gisa eskainia: idazkera, hegan egitea, arintasuna eta sentsibilitatea adierazten ditu. Beste irudi poetiko batzuk ere ageri dira: haizea, isiltasuna, kantua, guztiak poetaren barne mundua eta gizartearekiko harremana irudikatzeko.

Testuak kontatzen du txori migratzaileen artean badela basahate bat luma berezi bat duena, hegan egitean doinu eder bat ateratzen duena. Elezaharrek kontatzen omen dute basahate honek noizbait luma hori galtzen badu, hegaldia geratu eta lurrerako bidea egiten duela, luma galduaren bila.

Testu horren gainean, ilustratzaileak bere bidaia propioa egiten du, ideia irudietara ekarrita. Neskato baten bilaketa artistikoa kontatzen du (ilustratzailea bera ote?), eta bere bidaia emozionala. Kolore txuri beltzak erabili ditu gehienean, pintzelez (edo lumaz?) marraztuta bezala. Tartean kolore doratuak ere sartu ditu, eta baita ahatearen lepondo eta hegalen kolore biziak edo neskatoaren masail gorriak.

Liburua akordeoi itxuran emana da, eta zabaldu ahala irudien sekuentzia jarraituak antzeman daitezke, eta baita eszena ezberdinak bereizi ere. Diseinu honek gainera, basahatearen hegaldia iradokitzen digu, neska protagonistak egiten duen bidaiarekin batera.

Testua aurretik argitaratua dago Ainhoari gutunak (Elkar, 1990) ipuin bilduman.


Prentsako aipamenak:

 


Luma kantaria